Domusa Teknik enpresak eta 40 MLK lasterketak lankidetza hitzarmena berritu dute

Ihintza Elustondo 2026ko uztailaren 4a

Lagun Onak mendi bazkunako eta Domusa Teknikeko ordezkari bana, akordioa ixten. (Domusa Teknik 40 MLK)

Lasterketaren antolatzailea den Lagun Onak mendi bazkunak eta Domusa Teknik enpresak 2030. urtera arte egin dute akordioa. Horrenbestez, enpresa horrek jarraituko du probaren babesle ofiziala izaten. 

Domusa Teknik 40 MLK lasterketaren antolatzailea den Lagun Onak mendi bazkunak eta Domusa Teknik enpresak lankidetza hitzarmena berritu dute, eta, horrenbestez, enpresa horrek jarraituko du lasterketaren babesle nagusi izaten 2030. urtera arte. Akordio berri horrek bi aldeen arteko urteetako elkarlanari jarraipena ematen dio, eta haien arabera, "lasterketaren etorkizunerako egonkortasuna eta sendotasuna indartzen ditu". Era berean, proiektuak hazten eta erreferentziazko mendi lasterketa izaten jarrai dezan, "oinarri sendoa" izango da.

Bi aldeak pozik agertu dira hitzarmena berritu dutelako. Lagun Onak mendi bazkunaren hitzetan, "Domusa Tekniken babesa funtsezkoa" izan da lasterketa hazteko eta sendotzeko. "Hitzarmena berritzeak proiektuari egonkortasuna ematen dio, eta datozen urteei ilusioz aurre egiteko aukera eskaintzen digu. Helburua argia da: Domusa Teknik 40 MLK probak urtez urte hobetzen eta sendotzen jarraitzea", adierazi du mendi elkarteak. 

Bestalde, Domusa Teknikeko ordezkariak ere gustura agertu dira: "Domusa Teknik 40 MLKekin dugun lankidetzak gure enpresaren balioekin bat egiten du. Kirola, ahalegina, talde lana eta lurraldearekiko eta ingurumenarekiko konpromisoa sustatzen dituen proiektua da, eta harro gaude datozen urteetan ere haren bidean bidelagun izaten jarraitzeaz. Ziur gaude, elkarlan honi esker, lasterketak hazten eta sendotzen jarraituko duela", nabarmendu du enpresak. 

Hitzarmen berriari esker, bi aldeek nabarmendu dutenez, Domusa Teknik 40 MLKek datozen urteetako erronkei "egonkortasunez eta anbizioz" helduko die, mendiko lasterketen "erreferente" izaten jarraitzeko helburuarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide