Uztaila iristearekin batera, azken urteetan Azpeitian ohikoa den Udako Musika Printzak jaialdiaren eszenatoki izango dira herriko hainbat txoko berezi datozen asteetan. Musika eta ondarea uztartzea helburu duen zikloak Urolako Trenaren mendeurrena hartu du aitzakia aurtengoan. "Omenaldia egin nahi dio zikloak azpeitiarron bidaide izan den tren ezagunari", azaldu du Ignacio Arakistain zikloaren antolatzaileak. Mendeurren hori kontuan hartuta, uztailaren 17rako, Azpeitia eta Lasao artean kontzertu ibiltaria antolatu dute.
Kontzertu ibiltari horrek dituen berezitasunak eta trenaren beraren espazio mugak direla eta, zikloaren antolakuntzak aldez aurretik jarriko ditu emanaldirako sarrerak eskuragarri. Sarrerak astelehenetik, uztailaren 6tik, eskuratu ahal izango dira Kulturaz kooperatibaren Kulturaz.eus webgunean.
Uztailaren 10ean hasiko da Udako Musika Printzak jaialdia, eta programazioaren xehetasunak aurrerago aurkeztuko dituzte zikloaren antolatzaileek. Aurreko urteetan, musika inprobisatua, parte hartze korala, orkestren bisita edota flamenkoaren inkurtsioa izan dira zikloaren protagonistak. Emanaldiak, gainera, herriko ondare diren hainbat txokotan egin dituzte, hala nola udal garbitokian, Bakardadearen kaperan, Amatasuna eskultura parean, Basazabal jauregian; Magdalenako baselizan, Sanagustin kulturgunean edota Enparan dorretxean.