Voxen kontra protesta egiteagatik ikertutakoen auzia artxibatzea onartu du epaileak, behin-behinean

Maialen Etxaniz 2026ko uztailaren 2a

Voxek errekurtsoa jar dezake oraindik Gipuzkoako Lurralde Auzitegian, eta ikertuek tentuz hartu dute epailearen jakinarazpena. 

2024ko apirilean Vox alderdiari kontra egiteagatik ikertutako hogei herritarren aurkako auzia artxibatzeko eskatu du epaileak, behin-behinean. Gaur goizean jakin dute berria auzipetuek. Dena den, Voxek errekurtsoa jar dezake oraindik, eta tentuz hartu dute jakinarazpena. "Berri ona izanagatik, erreklamaziorako aukera du oraindik alderdi ultraeskuindarrak, eta, beraz, adi jarraituko dugu kasuaren eboluzioa hurrengo egunetan", adierazi du Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformak ohar bidez. 

2024ko apirilaren 14an, Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainaren barruan, Azpeitian informazio mahai bat jartzen saiatu zen Vox alderdia. Ultraeskuineko taldearen aurka agertu ziren hainbat eta hainbat herritar, eta protesta egin zuten Goiko Kalean, "faxistak kanpora" oihu artean. 

Protesta horri lotuta, hogei lagunen kontrako salaketa aurkeztu zuen Voxek, hauteskunde delitua, gorroto delitua, mehatxu delitua eta hertsatze delitu larria leporatuta. Urte hartako azaroan eta abenduan zehar deklaratu zuten ikertutako herritarrek. Azpeitiko epaitegiak auzipetuen alde egin zuen, kasua delitu arin gisa hartuta. Kontrara, ordea, Voxek errekurtsoa aurkeztu zuen Donostiako epaitegian, eta azken horrek testigantza gehiago biltzea agindu zuen, zehazki, Voxeko hiru kiderenak. Orain, akusatuen eskariz, epaileak kasua artxibatzea onartu du. Hala ere, alderdi ultraeskuindarrak errekurtsoa jar dezake uztailaren 10era bitarte Gipuzkoako Lurralde Auzitegian. Horren ondotik jakinaraziko dute behin-betiko erabakia eta epaia.

Epailearen erabakia jakin ostean, plataformak eskerrak eman dizkie orain arteko "prozesuan zehar ekonomikoki, komunikatiboki, kale mobilizazioetan eta abarretan lagun" izan dituzten herritarrei, eta dei egin dute bide horretan jarraitzera, "errepresioari klase batasunez erantzutera". Era berean, AEA plataformak adierazi du ikertutakoen kontra egin dutenek ez dutela haien helburua lortuko, eta indartsuago aterako direla prozesutik: "Beti adierazi izan dugun moduan, kikildu eta isildu nahi gaituzten horiek, ez dute helburua lortuko, eta faxismoaren, arrazakeriaren eta klase zapalkuntzaren aurpegi guztiei irmoki erantzuten jarraituko dugu, gero eta jende gehiagok, gero eta indartsuago". 

Gaztetxearen urteurreneko auzia, aurrera

Plataformako kideek nabarmendu dute "bidea amaitu gabe" dagoela, eta gogoratu 2025ko uztaileko istiluen harira irekitako prozesu judiziala aurrera doala. "Margoketa baten inguruan sortu zuten muntaia polizial-mediatikoaren ondorioz herriko hamarnaka gazteren aurkako prozedura judizialak bere horretan dirau", adierazi dute oharrean. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide