San Inazio jaietan gauzatu beharreko hainbat eginkizunetarako langileak kontratatuko ditu Azpeitiko Udalak, eta dagoeneko zabaldu du lanpostuetarako izena emateko epea. Besteak beste, aparkalekuak kontrolatzeko, agertokiak zaintzeko nahiz karga eta deskarga lanetarako egingo ditu erakundeak kontratazioak. 16 urtetik gorako herritarrek izango dute lanpostuetarako izena emateko aukera, eta uztailaren 8a, asteazkena, izango da horretarako azken eguna.
Herriko jaietan lan egiteko interesa duten herritarrek Herritarren Arreta Zerbitzura eraman beharko dute udalaren webgunean eskuragarri dagoen eskaera orria. Gainera, NAren kopia eta langabezian direnek hori horrela dela baieztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Halaber, zer-nolako euskararen ezagutza duten zehaztu beharko dute herritarrek eskaera orrian.
Lanpostuen hautaketa prozesuan hainbat irizpide hartuko ditu kontuan erakundeak. Batetik, Azpeitian erroldatuta egotea eta euskara jakitea baloratuko dituzte; bestetik, langabea izatea –epe luzeko langabeak lehenetsiko dituzte–; eta gainera, eginkizun berberetan esperientzia izatea ere bai.