Hartu dute erabakia: San Sebastian bezperako helduen danborrada bi multzotan banatuko da eta ibilbidea mantenduko den arren, talde guztiek ez dute geldialdirik egingo Soreasuko Sebastian Donearen parrokian. Bart egin dute plazako espazio faltari erantzuteko bozketa, eta mahai gainean zeuden hiru aukeretatik Danborradako Batzordeak proposatutako aurreneko alternatiba izan da boto gehien bildu dituena: danborradak gaur egungo ibilbidea mantentzea, parrokian geldialdi bateraturik ez egitea eta gauerdiaren aurretik danbor taldeak bi multzotan banatzea. Gukak jakin ahal izan duenez, hamazazpi boto jaso zituen batzordearen proposamenak eta hamahiru Julian Barrenetxeak aurkeztutako alternatibak. Ez ziren talde guztietako ordezkariak agertu boza ematera.
Beraz, ohiko ibilbidea egin ostean, aurreneko hamabi danbor taldeak Plaza Txikira iristen direnean, Done Jakue kalean behera parrokiara joango dira, eta gainerako hogeita lau taldeak, ohi bezala, plazara. Era horretan, bi tokitan banatuta joko dituzte San Sebastian martxa eta haren aurreko eta ondorengo piezak. Parrokian egokitzen zaien taldeek parrokian bukatuko dute danborrada, eta plazakoek, plazan. Asmoa da parrokiakoek Udal Musika Bandak kioskoan jotzen duen musika entzutea bozgorailuetatik. Era berean, pantaila bat jarriko dute parrokiaren atarian, plazako giroa ikusteko.
Arazo bat, hiru proposamen
Maiatzean jakin zen albistea: hiru talde berri aterako dira 2027ko San Sebastian bezperako helduen danborradan, Santiyo taldea, Udal Euskaltegia eta Bertan merkatari elkartea. Era horretan, 36 taldek irtengo dute datorren urteko festan. Horrek Danborradako Batzordea hainbat erabaki hartzera bultzatu du –udal ordezkariek eta txandaka aldatzen diren zenbait taldetako ordezkariek osatzen dute batzordea–, jakinekoa baita plazako espazio falta arazoa dela duela hainbat urtetatik.
Espazio faltari erantzuteko xedez, batzordeak hainbat aukera aztertu zituen, eta talde guztietako ordezkariekin bildu ostean, bi proposamen jarri zituen mahai gainean. Aurreneko aukera zen bi tokitan banatuta jotzea San Sebastian martxa eta haren aurreko eta ondorengo piezak. Kasu horretan, parrokiko taldeek han bukatuko lukete danborrada, eta plazakoek, plazan. Ibilbidea mantenduko litzateke. Bigarren aukera aurrenekoaren ia berdina zen, baina ohiko pieza guztiak jo ondoren, parrokian jotzea egokitutako hamabi taldeek plazara joateko aukera izango lukete, han beste pieza batzuk jo ahal izateko.
Horiez aparte, hirugarren alternatiba bat proposatu zuen Julian Barrenetxeak: Soreasuko Sebastian Donearen parrokiako geldialdia mantetzea eta talde berriak inguruko kaleetan kokatzea –Elizkalea, Done Jakue kalea eta Erdikalea–, plazako geldialdian talde batzuk Azoka Plazaren barruan kokatzea –lau bat talde– eta talde berriak plazaren ondoko kaleetan kokatzea –Goiko kalean, Done Jakue kalean eta Plaza Txikian–.
Txandakatzeak eta urteurrenak
Erabaki nagusiena hartuta, beste hainbat zehaztasun landu zituzten atzoko batzarrean. Aurrerantzean, taldeen kokalekuen txandakatzea bosnaka egin beharrean hamabinaka egingo dute; izan ere, hamabi talde ariko dira parrokian, eta txandakatzea bizkorragoa izateko helburuarekin hartu dute erabakia. Hamabi taldeko multzoaren barruan ere ordena aldatzen joatea aurreikusten dute. Udalak azaldu duenez, hamabiko multzoak berberak izango dira urtero –talde berriak sartuz gero, aldaketaren batzuk izan daitezke–, baina multzo bakoitzaren barruan ere ordenak txandakatuko dituzte. Erakundeak adibide bat jarri du: 36 taldeko kopuruarekin, bi urtean plazan eta hurrengoan parrokian amaituko dute taldeek.
Oñatzbideko Gastadoreei dagokienez, adostu dute beti danborrada irekitzen joango direla, baina gainerako taldeen moduan, batzuetan plazan amaituko dute festa eta besteetan parrokian.
Urteurren jakin batean –taldearen 25., 50. edo 75. urteurrenean, esaterako– parrokian jotzea tokatzen zaion danbor talderik balego, plazan jotzeko aukera eskainiko diote. Kasu horretan, salbuespen gisa, 25 talde ariko dira plazan, eta bat gutxiago parrokian.
Entseguak guztiek elkarrekin egitea edo bitan banatuta egitea ere aztertu dute bart, eta orain arte bezala jarraitzearen alde egin dute danbor taldeek.
2027ko danborrada, beraz, ezohiko eran iritsiko da Azpeitira, inoiz baino parte hartzaile gehiagorekin eta garaira egokituta. Azpeitiko Udalak emandako datuen arabera, 1.800 herritarrek parte hartuko dute festan.