160 dantzarik parte hartuko dute Dantzakiren Azpeitia Dantzaneko emanaldian

Nerea Uranga 2026ko ekainaren 30a

Jose Mari Orbegozoren Dantzaki eskolakoen saioa 2025eko Azpeitia Dantzanen.

Euskal dantzen saioaren ondoren, Jose Mari Orbegozoren Dantzaki eskolakoen txanda izango da Azpeitia Dantzanen. Igandean izango da aretoko dantzen emanaldia, 19:00etan hasita, Soreasu antzokian. Sarrera bakan batzuk besterik ez dira gelditzen ikuskizunerako.

Azpeitia Dantzan egitasmoaren barruko bigarren hitzordua izango da datorren igandean, 19:00etan, Soreasu antzokian. Jose Mari Orbegozoren Dantzaki dantza eskolakoek areto dantzen ikuskizuna eskainiko dute, 5 urtetik 75 urtera bitarteko 160 bat dantza ikaslek eta irakaslek parte hartuko dute emanaldian. "Aretoko dantza estandarrak eta latinoak egingo ditugu, eta Madrildik nahiz Bilbottik etorritako dantza irakasleek ere parte hartuko dute. Denera, hogei bat pieza egingo ditugu", aurreratu du Jose Mari Orbegozo dantza irakasleak.

Azpeitia Dantzaneko Soreasuko saioetarako sarrerak doakoak dira, eta Kulturaz kooperatibaren webgunean eskuratu daitezke. Jose Mari Orbegozoren Dantzaki eskolakoen emanaldirako ia sarrera guztiak hartuta daude, bakan batzuk besterik ez dira gelditzen. Horiek honako loturan eskuragarri daude.

Luix Beltzaren dantza suelto eskolako eta Juan Antxieta musika eskolako ikasleen euskal dantzen emanaldiarekin hasi zen joan den larunbatean, ekainaren 27an, aurtengo Azpeitia Dantzan. Ordukoan ere ia leporaino bete zen Soreasu antzokia. Igandeko Jose Mari Orbegozoren Dantzaki eskolakoen ondoren, dantzari lotutako beste bi hitzordu izango dira: uztailaren 11n, 19:30ean hasita, Sahatsakoek kalean eta plazan eskainiko dute dantza ikuskizuna. Hilaren 19an, berriz, Itsasikoek saioa eskainiko dute, 19:00etan, Soreasu antzokian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide