Oraindik izango da jabetu ez den urrestildarrik, baina dagoeneko bukatu dira aurtengo sanjoanak, edo behintzat, bukatu dira festen egitarauak jasotzen zituen ekitaldi eta jarduera guztiak; eta ez dira gutxi izan: Gaur bertan ere, San Juan hirugarrenez, ez dute aspertzeko beta handirik, ez umeek, ez helduek.
Arratsaldean hasi dira gaurko prestatutako ekintzekin. Ur jolasak egiteko asmoa zuten iragarrita, eta pare-pareko eguraldia egokitu zaie horretarako. Bainujantziak soinean, dozenaka umek parte hartu dute horietan, plazako iturriaren bueltan hasieran, eta eskolarako aldapan prestatu duten txirristan gero. Plastiko luze bat, xaboia eta ura, besterik ez dute behar izan ondo baino hobeto pasatzeko.
Umeentzako jolasak bukatuta, sanjoanetako egitarauan dagoeneko ezinbestekoetako hitzorduetako bat denari ekin diote zimitorioan: patata tortilla lehiaketari. Aurtengoan hamasei taldek parte hartu dute, eta epaimahaiarentzat ez da lan erraza izan hiru tortillarik onenak zeintzuk ziren erabakitzea. Azkenean, Araiak, Mirenek eta Iñigok egindakoari eman diote sari nagusia; Landerrek eta Aitziberrek egindako tortillari eman diote bigarrena; eta Leianek, Malenek, Paulek, Aranek eta Leirek egindakoari hirugarrena. Sariketa bukatuta, zimitorioan bertan jan dituzte tortilla guztiak.
Eta horren atzetik iritsi da festen agurraren unea. Mikel Larrañagak hamar aizkora kolpe nahikoak izan ditu astearte gauaz geroztik plazan zutik egon den lizar luzea eraisteko, eta ohitura den gisan, adin guztietako herritarrek San Joan arbola kalejiran ibili dute ondoren, trikitilari eta pandero jotzaile gazteak aurretik zituztela. Horrekin bukatu dira aurtengo sanjoanak Urrestillan.