Aner Etxezabal parapentelariak amaitu du X-Pyr proba

Ihintza Elustondo 2026ko ekainaren 26a

Aner Etxezabal, helmugara iristean. (Utzitakoa)

Ekainaren 21ean Hondarribitik (Gipuzkoa) abiatu zen, zazpi eguneko epean El Port de la Selvara (Katalunia) iristeko helburuarekin, 529 kilometro eginda. Atzo arratsaldean, 18:00 aldera, iritsi zen helmugara. "Iritsi gara helmugara, eta gainera, ostegunean. Oso-oso gustura gaude talde guztia", adierazi du. 

Aner Etxezabal (Azpeitia, 1987) parapentelariak askorentzat "erokeria" izan daitekeen proba bat egin du azken egunotan: X-Pyr izenekoa. Ekainaren 21ean Hondarribitik (Gipuzkoa) abiatu zen, zazpi eguneko epean El Port de la Selvara (Katalunia) iristeko helburuarekin, 529 kilometro eginda. Tarteka hegan eta tarteka korrika eginez, proba amaitzea eta minik ez hartzea zituen helburu. Eta, azkenean, uste baino askoz hobeto egin du erronka: atzo –osteguna– arratsaldean, 18:00 aldera, amaitu zuen proba; antolatzaileek ezarritako muga baino hiru egun lehenago. "Sekulako zortea izan dugu eguraldiarekin. Iritsi gara helmugara, eta gainera, ostegunean. Oso-oso gustura gaude talde guztia", adierazi dio hedabide honi.

Ofizioz suhiltzailea da Etxezabal, eta afizioz parapentelaria. Duela bost urte inguru hasi zen parapentea praktikatzen, eta lehenengoz animatu da halako exijentzia mailako proba batean parte hartzera. Parapentea eta ultra maratoia uztartzen ditu X-Pyr probak; hau da, mendian korrika ere egin behar da, baldintza meteorologikoek eta ibilbidearen ezaugarriek hegan egitea ahalbidetzen ez duten kasuetan. Hondarribiko hondartzan hasi zuen proba, eta Pirinioa zeharkatzea zuen helburu, horretarako antolatzaileek prestatutako ibilbidea osatuta. Helmugara aurrena iritsi denak irabazi du proba –Chrigel Maurer izan da garailea, ibilbidea hiru egunetan eta zazpi ordutan amaituta–, baina Etxezabelen helburua "erronka pertsonal" gisa izendatu duen proba amaitzea izan da. El Port de la Selvara iristen bazen, "itsasoan bainatzea eta garagardo fresko bat edatea" zen haren nahia, eta zera esan dio Gukari, telefono bidez euforia eta poza ezin ezkutatuta: "Azkenean lortu dugu Mediterraneoan bainatzea". 

Taldearen babesa ezinbestekoa

Proba egiterakoan, Etxezabal izan da pilotua; hau da, berak egin du hegan X-Pyr erronkan. Baina talde bat izan du ondoan. Mikel Luengo azpeitiarrak jarraitu du ibilbidean autokarabanarekin; hark gidari eta sukaldari lanak egin ditu. Beste batek estrategia lantzen lagundu dio, beste batek pisua kendu dio motxilatik eta ura-eta eraman dizkio... Enaitz Eizagirre azkoitiarra eta Mendaroko (Gipuzkoa) Maite Maiora eta Iosu Juaristi senar-emazteak izan dira taldea osatu duten beste hirurak. "Norbere lana ez da nahikoa kirol honetan, estrategia asko landu behar da; talde lana da gurea", adierazi du Etxezabalek.

Azpeitia Gukak elkarrizketa egin dio Etxezabali uztaileko aldizkarirako. Datorren astean banatuko du hedabide honek aldizkaria, eta han irakurri ahal izango da Etxezabalen elkarrizketa. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide