Luix Beltzaren dantza eskolako eta Juan Antxieta musika eskolako kideen eskutik hasiko da Azpeitia Dantzan egitasmoaren aurtengo aldia. Larunbatean eskainiko dute horiek emanaldia, 19:00etan hasita, Soreasu antzokian.
Luis Alberdik jakinarazi duenez, Gipuzkoako dantzak nahiz Bizkaikoak eskainiko dituzte aurrena, Xabi Solano musikariaren eta ETS taldearen hainbat abestiren doinuekin osatutako bost koreografia berri estreinatuko dituzte ondoren, eta Ipar Euskal Herriko dantzekin amaituko dute emanaldia. Tartean izango dira, hala ere, dantza eskolako txikienek eskainiko dituzten "betiko dantzak" ere. Orotara, 98 dantzarik parte hartuko dute emanaldian, Juan Antxieta musika eskolako trikitilariekin eta txistulariekin batera. Ordu eta erdi inguruko emanaldia eskainiko dute bi eskolatako dantzari eta musikariek. Emanaldirako sarrera doakoa izango da, baina aurrez erreserbatu egin beharko da Kulturaz kooperatibaren webgunean.
Halaber, beste hiru emanaldik osatuko dute Aurtengo Azpeitia Dantzan. Uztailaren 5ean (igandea), 19:00etan hasita, Dantzaki Jose Mari Orbegozoren dantza eskolakoen ikuskizuna izango da Soreasun. Uztailaren 11n, berriz, Sahatsa dantza taldearen txanda izango da; 19:30ean, kalejira egingo dute, eta 20:00etatik aurrera, dantza ikuskizuna eskainiko dute plazan. Itsasi euskal kultur taldeko dantzariek eta musikariek itxiko dute aurtengo Azpeitia Dantzan. Uztailaren 19an, 19:00etan eskainiko dute horiek dantza emanaldia, Soreasun.