Izarraizpe Open txapelketa egingo dute uztailaren 4an eta 5ean

Ekaitz Etxabe 2026ko ekainaren 25a

Mikel Manterola, txapelketa batean lehiatzen. (Utzitakoa)

Lehen aldiz egingo dute txapelketa Azpeitian. Gipuzkoan antolatzen den bigarren 'speedcubing' txapelketa da, eta modalitate askotako lehiak izango dira Izarraizpe zentroan.

Uztailaren 4an eta 5ean askorentzat ohikoa ez den plan batez gozatzeko aukera egongo da Azpeitiko Izarraizpe ikastola publikoan. Izarraizpe Open speedcubing txapelketa antolatu dute Euskalcubing elkarteak eta Espainiako Speedcubing Elkarteak, Mikel Manterola eta Ruben Lopez buru direla. Asteburu osorako egitaraua prestatu dute antolatzaileek.

Speedcubing-a oso modalitate ezaguna da mundu mailako Rubiken kuboaren komunitatearen barnean. Modalitate horrek Rubiken kuboa eta beste hainbat puzzle mekaniko ahalik eta denbora laburrenean osatzean datza. Speedcubing-a, Euskal Herrian, Euskalcubing elkarteak bultzatzen du nagusiki, txapelketak, tailerrak eta ekitaldiak antolatuz. Izarraizpe Open txapelketan kategoria askotako lehiak ikusteko aukera izango da. Mikel Manterola txapelketako antolatzaile eta parte hartzaileak azaldu duenez, normalean, inguruko txapelketetan Izarraizpe Open txapelketan baino kategoria "gutxiago" egoten dira. "Urnietan [Gipuzkoa] egin ohi den txapelketan, esaterako, zazpi kategoria egoten dira; Izarraizpe Open txapelketan hamar egongo dira".

Honakoak dira Azpeitiko txapelketan egongo diren kategoriak: 4x4x4 kuboa, 7x7x7 kuboa, 6x6x6 kuboa, 3x3x3 kuboa, 2x2x2 kuboa, 5x5x5 kuboa, Megaminx, 3x3x3 kuboa esku batekin, Skewb eta Pyraminx. "Kubo handiak ez dira asko ikusten txapelketetan, beraz, halako kuboekin ibiltzen diren jokalarientzat aukera ona izan daiteke", adierazi du Manterolak.

Uztailaren 4an hasiko dute txapelketa, larunbatarekin. 09:00etan irekiko dituzte ateak eta, jarraian, jokalari berrientzako tutoriala egingo dute. Bertan, parte hartzaile berriei txapelketak nola funtzionatzen duen erakutsiko diete. 09:30ean hasiko da lehia, eta bazkaltzeko atsedenaldia 13:55ean izango da. 15:30ean hasiko da berriz ere txapelketa, eta 20:10ean ekingo diote eguneko azken errondari.

Igandean, berriz, 09:15ean irekiko dituzte ateak. 09:30ean hasiko da goizeko lehia, eta 13:25ean izango da bazkalorduko atsedenaldia. Arratsaldeko lehiaketak 14:55etik 16:50era arte iraungo du, orduan hasiko baita sari banaketa.

Gipuzkoako bigarrena

Gipuzkoan antolatzen den bigarren speedcubing txapelketa izango da Izarraizpe Open. Manterolak adierazi duenez, Gipuzkoan speedcubing-a "bultzatzeko" antolatu dute. "Gipuzkoan ez da ia halako txapelketarik egiten. Urnietan egiten da soilik, urtean behin. Bizkaian, ordea, ohikoagoa da halako txapelketak antolatzea", gaineratu du.

Manterolak Izarraizpe Open txapelketak duen garrantzia nabarmendu du, World Cube Associationek (WCA) onesten duenez, txapelketa "ofiziala" baita. "Azpeitiko Udalaren eta Euskalcubing elkartearen laguntzaz gain, txapelketa ofiziala izan dadin WCAren onarpena behar da. Elkarte horrek erabakitzen du zein txapelketa diren ofizialak eta zein ez, edo txapelketa bakoitzak zein arau bete behar dituen eta zein ez", nabarmendu du.

Hasiera batean 80 parte hartzaileko muga ezarri bazuten ere, azkenean 40 jokalari izango dira Izarraizpe Open txapelketan. Jokalari kopuruaren jaitsieraren zergatiaz ere mintzatu da Manterola: "Azkenaldian Espainian txapelketa ugari ari dira antolatzen, eta agian egun berean hiru txapelketa desberdin antola ditzakete. Horregatik, partaide gutxiago izan ohi dituzte orain txapelketek". Hala ere, maila "handia" espero dutela esan du: "Pyraminx kategoriako Europako jokalari onena dator eta, Skewb kategorian, berriz, Munduko Txapelketan laugarren postua lortu zuen jokalaria". Frantziatik eta Portugaldik ere hainbat jokalari bertaratuko direla adierazi du Manterolak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide