Prozesiorik gabeko San Joan eguna izan dute Urrestillan

Iraia Oteiza 2026ko ekainaren 24a

Festetako egun handia dute gaur Urrestillan, San Joan eguna. Eguerdira bitartean trikitilarien, erraldoien nahiz buruhandien kalejira eta meza izan dituzte, baina prozesioa bertan behera utzi behar izan dute bero boladaren ondorioz. Iluntzean, 20:00etatik aurrera, kontzertuak izango dira.

Bero saparekin igaro dute gaurko festa eguna ere Urrestillan. Ezohiko San Joan eguna izan dute aurtengoa, bero boladaren ondorioz prozesioa bertan behera utzi behar izan dutelako. Hala ere, 11:00etan hasita, trikitilari gazteak kalejiran ibili dira buruhandien eta erraldoien laguntzaz, eta ume zein gaztetxoekin ederki gozatu dute horiekin. Kale buelta egin ondoren, meza nagusia izan da, eta herritar ugari bertaratu da elizkizunera, meza entzutera eta lore sorta bedeinkatzera. 

Iluntzean, 20:00etatik aurrera, kontzertuak izango dira Urrestillan. Aiama, Fan&Go eta Indate DJa ariko dira plazako agertokian. 

Ostiralera arte ospatuko dituzte sanjoanak Urrestillan. Bihar, San Joan Txiki eguna ospatuko dute, eta sagardo dastaketa, mus txapelketa eta puzgarriak izango dira protagonista. Ostiralean, San Joan Hirugarrenean, patata tortilla lehiaketa egin ondoren botako dute atzo sartu zuten lizarra.

Hona hemen datozen egunetako egitaraua:

Bihar, osteguna: San Joan Txiki eguna

  • 12:30. Sagardoa.
  • 14:00-14:45. Mus txapelketarako izen ematea.
  • 15:15. Mus txapelketa.
  • 16:00. Puzgarriak.
  • 17:30. Haurren merienda.

Etzi, ostirala: San Joan Hirugarrena

  • 17:00. Umeentzako jolasak.
  • 18:30. Patata tortilla lehiaketa.
  • Ondoren, zuhaitzaren entierroa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide