Faxismoaren aurrean, lumak harrotzeko deia egin du Astindu Armayuek asanbladak

Ihintza Elustondo 2026ko ekainaren 23a

Astindu Armayuek asanbladako kideak, beraiek jarritako pankarta kendu zuten biribilgunean. (Astindu Armayuek)

LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna izango da ekainaren 28a, igandea, eta Astindu Armayuek kolektiboak elkarretaratzea egingo du, 13:00etan, plazan. "Gure gorputzen eta identitatearen askatasunaren aldeko deia zabaltzeko asmoz bilduko gara", adierazi dute.

LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna izango da ekainaren 28a, igandea, eta Astindu Armayuek asanbladak jakinarazi du elkarretaratzea egingo duela data horretan. Beren kolektiboarentzat "egun seinalatua" dela eta "aspaldiko hutsunea betetzera" datozela nabarmendu dute asanbladako kideek; izan ere, adierazi dute "urteak" direla herrian ez dela egun horren harira mobilizazio jendetsurik egin. "Hori dela eta, borroka transfeministarekin zein kuirron identitate eta gorputzen askatasunaren aldeko aldarriekin bat egiten duten herritar zein eragile oro elkarretaratzera gonbidatu nahi dugu", esan dute.  Igandean egingo dute mobilizazioa, 13:00etan, Azpeitiko plazan. 

Egun horren "kutsu politikoa" aldarrikatu nahi du Astindu Armayuek kolektiboak. Izan ere, ez daude "eroso" ekainaren 28ak "hainbat lekutan hartu duen norabide despolitizatuarekin eta interesatuarekin". Asanbladaren iritziz, "enpresek, multinazionalek eta hainbat instituziok euren etekin propioa bilatzen dute" ekaina heldu bezain pronto LGTBIQ+ kolektiboaren koloreak eurenganatuta. "Horren aurrean, guk borroka antikapitalistaren, antirrazistaren, euskaldunaren eta transfeministaren aldeko hautua egin nahi dugu. Era berean, gure identitatea ukatzen duten jarrera faxisten aurrean, lumak harrotzera gatozela azpimarratu nahi dugu. Sare sozialetan, karriketan nahiz hedabideetan gure aurka oldartzen direnei aurre egingo diegu".

Ikasturte gazi-gozoa

Bi urteko ibilbidea du Astindu Armayuek asanbladak, eta ordutik askotariko ekintzak egin eta bultzatu ditu Azpeitian, "herri bizigarri baten alde". Asanbladako kideek adierazi dute "babestuta" sentitu direla sarri, baina txanponaren beste aldea ere ezin dela "ezkutatu": izan ere, jakinarazi dute beren ekitaldietako kartelak zein festetarako egin dituzten pankartak apurtuta agertu direla ikasturte honetan. "Egoera horren aurrean, gure jardun politikoa oztopatzen duen ekintza oro salatu nahi dugu igandeko juntadizoan, eta herritarrei ekintza horien aurrean posizionatzeko eskatu nahi diegu", esan dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide