Gukaren txokoa eta ur jolasak, beroari aurre egiteko

Iraia Oteiza 2026ko ekainaren 23a

Beroaren ondorioz moldaketa batzuk eginda, baina gogotik ari dira gozatzen Urrestillan sanjoanen atariko ekitaldietan. Atzo ur jolasak egin zituzten Loretorako mendi bueltaren ordez, eta Gukaren haurrentzako txokoa ere izan zen. Arratsalde paregabea igaro zuten han bildu ziren haur nahiz gaztetxoek. Gaur, San Joan bezperaz hasiko dituzte ofizialki jaiak Urrestillan. 

Jai egun beroak izaten ari dira aurten Urrestillan, eta sanjoanetako festa egun potoloetarako ere beroa iragarri dute adituek. Atzo Loretora mendi buelta eta han trikitilarien saioa zituen antolatuta Urrestillako Festa Batzordeak, baina bertan behera utzi zuten goizeko egitaraua bero boladagatik. Horren ordez, ur jolasak egin zituzten arratsaldean, eta Gukaren haurrentzako txokoa ere izan zen frontoian. Gogotik gozatu zuten han elkartu ziren haurrek.

Gaur, San Joan bezperaz hasiko dituzte ofizialki festak Urrestillan, pregoia irakurrita eta txupinazoa botata. San Joan sua piztuko dute, baina ohi baino txikiagoa izango da, herritarren bero kolpeak ekiditeko. 

Hona hemen datozen egunetarako Urrestillan prestatu duten egitaraua:

Gaur, asteartea. San Joan bezpera

  • 21:00. Pregoia eta festen hasierako suziria.
  • Ondoren, herri afaria.
  • 00:00. San Joan zuhaitza sartzea.
  • 00:30. San Joan sua piztu eta suaren inguruan dantzaldia.
  • Jarraian, Laket taldearekin erromeria.

Bihar, asteazkena. San Joan eguna

  • 11:00. Trikitilari gazteen kalejira, buruhandiekin eta erraldoiekin.
  • 11:45. Azpeitiko Udal Musika Banda.
  • 12:00. Meza nagusia.
  • 13:00. Buruhandiak.
  • 20:00. Kontzertuak: Aiama, Fan&Go eta Indate DJa.

Ekainak 25, osteguna. San Joan Txiki Eguna

  • 12:30. Sagardoa.
  • 14:00-14:45. Mus txapelketarako izen ematea.
  • 15:15. Mus txapelketa.
  • 16:00. Puzgarriak.
  • 17:30. Haurren merienda.

Ekainak 26, ostirala, San Joan Hirugarrena

  • 17:00. Umeentzako jolasak.
  • 18:30. Patata tortilla lehiaketa.
  • Ondoren, zuhaitzaren entierroa.

(Argazkiak: Guka)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide