Muturreko tenperatura altuak direla eta, Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak alerta gorria du aktibatuta gaur, eta hala egingo du bihar, asteartea, eta etzi, asteazkena 12:00etatik 20:00etara. Neurri horiek aintzat hartuta, hondakin komertzialen bilketa 09:00etara aurreratuko du Urola Erdiko Mankomunitateak datozen bi egunetan. Bihar, kartoia jasoko dute ordu horretan, eta etzi, hondakin organikoa.
Hondakinen bilketa ordua aurreratuta, beroagatik arrisku gehien dagoen orduetan hondakin biltzaileak kalean lanean ibiltzea saihestu nahi du mankomunitateak. Egoera horrek egun bat baino gehiago iraun dezaketela aurreikusten denez, gainera, mankomunitateak adierazi du posible dela zerbitzua aldatzea denbora tarte txikian. "Oharrei adi egotea gomendatzen dugu", esan du.
Mankomunitateak hainbat komunikazio bide sortu ditu halako aldaketen berri emateko. Esaterako, Whatsapp aplikazioaren difusio kanala eta helbide elektronikoen zerrenda ditu. Mezuak zuzenean jaso ahal izateko, honako lotura honetan dagoen galdetegia bete behar da.