Ehunmilak Biraren zazpi etapetako bosgarrena egin zuten Lagun Onak mendi bazkunakoek joan del larunbatean, ekainaren 20an. Otzaurte eta Beasain arteko 36 kilometroko ibilbidean 36 mendizalek parte hartu zuten, eta bidean denetariko baldintzak igaro zituzten: "Larunbaterako iragarritako beroa, ibilbidearen luzera eta ezaugarriak kontuan hartuta, ordubete lehenago abiatu genuen etapa".
Ibilbidea hasterako neurriak hartu arren, ordea, haize handia, euria eta "bero ikaragarria" izan zituzten bidean. Honela azaldu du Lagun Onak mendi bazkunak: "Otzaurtetik San Adriandik barrena, aurrena Aitzkorri igo genuen. Ordura arte eguraldi paregabea izan genuen. Behin tontorrera helduta, haize izugarria eta euria izan genituen, ordea. Ondoren, Urbiatik Andreaitzera artean, ateri eta tenperatura ona egin zigun. Gune horretatik aurrera etaparen perfila asko lehuntzen zen, baina beroa izan genuen protagonista. Zerain, Mutiloa eta Beasainera arteko ibili luzea bero ikaragarriarekin egin behar izan genuen".
Otzaurte eta Beasain arteko etapa "oso polita" izan arren, eguraldiak baldintzatuta hamar ordu eta erdian bukatu zuten mendizaleek.
Hurrengo etapa Beasain-Elosua artekoa izango da, egitasmoko azkenaurrekoa. Udako oporren ondorengorako aurreikusi dute etapa hori egitea mendizaleek, irailaren 19an.
Zazpi etapako egitasmoa
Ehunmilak Bira Azpeitian hasi eta bukatuko dute, zazpi etapatan 171 kilometro luzerako bidea eginda. Otsailean egin zuten aurreneko etapa mendizaleek Azpeitia-Tolosa artean, martxoan Tolosa-Larraitz, apirilean Larraitz-Lizarrusti eta maiatzean Lizarrusti-Otzaurte etapak egin zituzten. Aurreneko bost etapak eginda, seigarrena izango da irailaren 19rako antolatu dutena.
Hona hemen Ehunmilak Bira egitasmoko hurrengo etapen egutegia:
- Irailak 19. Beasain-Elosua. 30 kilometro. Gailurra: Izazpi.
- Urriak 24. Elosua-Azpeitia. 25 kilometro. Gailurrak: Irukurutzeta eta Xoxote.