Santioak eta saninazioak 2026

Kulturaz, Amaia Garmendia, Bertan eta festa batzordeak, txupinazoa botatzeko hautagaiak

Iraia Oteiza 2026ko ekainaren 19a

Kepa Susperregik bota zuen iaz txupinazoa. (Julene Frantzesena)

Herritarrek askotariko proposamenak egin dituzte, baina horietatik lau aukeratu ditu Festa batzordeak. Dagoeneko eman daiteke hautagaien aldeko botoa. Boto gehien eskuratzen dituen hautagaiak izango du uztailaren 30ean udaletxeko balkoitik txupinazoa botatzeko ardura. 

Kulturaz kooperatiba, Amaia Garmendia, Bertan merkatarien elkartea eta herriko festa batzordeak dira 2026ko saninazioetako txupinazoa botatzeko hautagaiak. Azpeitiko Udalak gaur jakinarazi ditu hautagaien izenak herritarrek egindako proposamen guztiak aztertu ostean.

Dagoeneko eman daiteke hautagaien aldeko boza honako lotura honetan. Horrez gain, botoa emateko aukera jarriko dute udaletxean, igerilekuan eta liburutegian, horretarako egokituko dituzten postontzietan.

Boza emateko prozedura iazko bera izango da: herritar bakoitzak behin bakarrik eman ahal izango du botoa, eta hori ziurtatzeko nortasun agiria eskatuko dute. Beraz, herrian erroldatuta ez daudenek ezingo dute bozketan parte hartu. Puntuazio bidezko sistema izango da, hau da, norberari gehien gustatzen zaion hautagaiari lau boto eman ahal izango zaizkio, eta gainerakoei hiru, bi edo bat, lehentasunen hurrenkeran. Guztiei eman behar zaie botoren bat.

Mikel Odriozola Festa batzordeburuak azaldu duenez, udala gustura dago txupinazoa botatzeko jasotako proposamen kopuruarekin. Proposamen batzuk elkarren antzekoak zirela azaldu du, eta, horregatik, hautagaitza bakarrean bildu dituztela. “Hori izan da, esate baterako, festa batzordeen kasua; izan ere, festa batzorde bat baino gehiagoren izenak jaso ditugu hautagaien artean, eta egokiena denak elkartzea iruditu zaigu”.

Era berean, Festa batzordearen adostasuna izan arren, lan kontuengatik edo beste arrazoi batzuengatik, proposatutako hautagai batzuek ezin zuten saninazio bezperan Azpeitian egon, eta horiek ez dira lau hautagaien artean sartu.

Hautagaiak erabakitzerako unean, Udaleko Festa Batzordeak kontuan hartu ditu, besteak beste, honako irizpide hauek: "Herriari egindako ekarpena, berdintasuna eta bizikidetza sustatzeko egindako ahalegina eta euskal kulturaren alde egindako lana".

Honako hauek dira udalak hautagaien inguruan emandako azalpenak:

  • Kulturaz kooperatiba. 15 urte beteko ditu aurten Kulturaz Kooperatibak. “Herriko kultur mugimenduaren alde egiten duen lanagatik” eta “Azpeitia kultur arloan erreferente bihurtu izanagatik” proposatu dute. 
  • Amaia Garmendia. Herriko hainbat mugimendu eta borrokatan “aitzindari” izateagatik proposatu dute. 
  • Bertan merkatari elkartea. Herriko denda txikiak “herriko bizitzaren euskarri” direlako proposatu dute Bertan. 
  • Herriko festa batzordeak. Besteak beste, “urteroko lanaren aitortza gisa” eta “gazteek egiten duten borondatezko lanaren eskertza” gisa proposatu dituzte. 

Azpeitiko Udalak duela bi urte erabaki zuen lehen aldiz herritarrei txupinazoa botatzeko hautagaiaren prozesuan parte hartzeko aukera ematea. Azokara etortzen diren ekoizleek jaso zituzten boto gehien lehen urtean, eta Kepa Susperregi apaizak iaz. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide