Lau emanaldik osatuko dute aurtengo Azpeitia Dantzan

Nerea Uranga 2026ko ekainaren 19a

Luix Beltza dantza eskolakoen eta Juan Antxieta musika eskolakoen emanaldia iaz Azpeitia Dantzanen. (Ihintza Elustondo)

Ekainaren 27an izango da aurreneko emanaldia, eta segidako beste hiru asteburuetan izango dira dantza ikuskizunak. Soreasu antzokian Luix Beltza dantza eskolak eta Juan Antxieta musika eskolak, Dantzaki Jose Mari Orbegozoren dantza eskolak nahiz Itsasik egingo dituzten saioetarako gonbidapen-sarrerak dagoeneko eskuragarri jarri dituzte Kulturaz.eus webgunean.

Ekainaren 27an hasi eta uztailaren 19ra arteko lau asteburuetan izango dira aurtengo Azpeitia Dantzaneko dantza ikuskizunak, dantza taldeek, musika eskolak, udalak eta Kulturazek antolatuta. Soreasu antzokian egingo dituzten emanaldietarako gonbidapen-sarrerak dagoeneko eskuratu daitezke Kulturaz.eus webgunean. Aurreko urteetan bezala, hurrenez hurren, Luix Beltza dantza suelto eskolak eta Juan Antxieta musika eskolak, Dantzaki Jose Mari Orbegozoren areto dantza eskolak, Sahatsa dantza taldeak eta Itsasi euskal kultur taldeko dantzariek eta musikariek parte hartuko dute Azpeitia Dantzanen.

Luix Beltza dantza eskolakoak eta Juan Antxieta musika eskolakoak izango dira aurtengo Azpeitia Dantzan estreinatuko dutenak. Ekainaren 27an (larunbata) Soreasu antzokian eskainiko dute dantza eta musika emanaldia, 19:00etan hasita. Emanaldirako sarrera doan izango da, baina aldez aurretik eskuratu daiteke Kulturaz.eus webgunean.

Azpeiitia Dantzaneko bigarren emanaldia ere Soreasu antzokian izango da. Hain zuzen ere, uztailaren 5ean (igandea), 19:00etan hasita, Dantzaki Jose Mari Orbegozoren dantza eskolakoen ikuskizuna izango da. Ikasturte bukaerako aretoko dantzen jaialdia eskainiko dute. Doan da sarrera; aldez aurretik Kulturaz.eus webgunean eskuratu daiteke.

Hirugarren dantza ikuskizuna, uztailaren 11n (larunbata) izango da, herriko plazan. Sahatsa dantza taldearen 50. urtemugaren ospakizunen barruan eskainiko duten emanaldietako bat izango da Azpeitia Dantzanekoa ere. 19:30ean, kalejira egingo dute Sahatsako dantzariek, eta 20:00etatik aurrera, dantza ikuskizuna eskainiko dute plazan.

Itsasi euskal kultur taldeko dantzariek eta musikariek itxiko dute aurtengo Azpeitia Dantzan. Uztailaren 19an (igandea), 19:00etan hasiko dute dantza emanaldia, Soreasu antzokian. Itsasikoek Oinatzak ikuskizuna estreinatuko dute jendaurrean. Ikuskizun honetarako sarrera ere doan izango da, eta dagoeneko eskuragai daude Kulturaz.eus webgunean.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide