Urtebete futbol zelaietatik aldenduta igaro ostean, Realera itzuliko da Mikel Labaka. Hainbat hedabidek eman dute horren berri azken orduetan, eta Gukak baieztatu egin du: jubenilen lehen taldeko entrenatzailea izango da azpeitiarra. Andoitz Galdosen lekukoa hartuko du Labakak 2026-2027 denboraldian. Gainera, Xabier Artetxe azkoitiarra izango da taldeko bigarren entrenatzailea.
Etenaldiak etenaldi, Labakak urteak igaro ditu Realean, eta berriz ere talde txuri-urdinera batuko da. Azpeitiko Lagun Onaken hasi zuen futbol ibilbidea, eta handik Reala B-ra egin zuen jauzi. Gero, Real Unionen eta Murtzian jokatu zuen Realak utzita, eta 2004-2005 denboraldian Realeko lehen taldean hasi zen jokatzen. Talde txuri-urdinean aritu zen 2011ra arte, eta segidan, Rayo Vallecanon egin zituen bi denboraldi. Futbolean jokatzeari utzi zion 2013an.
Urtebete igarota, zelaietara itzuli zen, baina entrenatzaile lanetara. Hain zuzen ere, Realeko jubenilen taldean hasi zuen bidea, bigarren entrenatzaile gisa, eta gero, Reala B-ko bigarren entrenatzaile izan zen. Ondoren, Realeko lehen taldearekin aritu zen, Eusebio Sacristanen eta Imanol Alguacilen ondoan. Alguacilek Reala utzi zuen 2024-2025 denboraldia bukatzean, eta Labakak ere bai. Salbuespen bat egin du, baina, azpeitiarrak futboletik urrunduta egon den urtebeteko epean: Euskal Selekzioko bigarren entrenatzaile lanetan aritu zen, abenduan, Jagoba Arrasateri lagunduz.