Azpeitiak Mugiment Pauso Erronka irabazi du. Maiatzean, bigarren aldiz izan da martxan egitasmo hori, eta Azpeitiko herriak estreinako parte hartzean lortu du txapela. Atzo, osteguna, jaso zituzten sariak erronkan parte hartu duten herritarrek.
Kirol orientazio zerbitzua duten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalerriek parte hartu dute erronkan, eta parte hartzaileen batez besteko jardueraren arabera neurtu dute herri bakoitzaren emaitza. Azpeitiak 34 parte hartzaile aktibo izan ditu egitasmoan, eta, batez beste, 242.032 pauso egin dituzte horiek. Azpeitiko parte hartzaileek sari banaketa ekitaldian adierazi zutenez, erronkaren aitzakian Donejakue bidea prestatu du batek, eta beste batek, batez beste, 28 kilometroko bidea egin du egunero.
Egitasmo horren bidez, herritarrek egunero ahalik eta pauso gehien ematea lortu nahi da, osasun fisikoa nahiz emozionala hobetzeko eta jarduera fisikoaren kultura sustatzeko.