Azpeitiko Ekoetxean ez dute uda sasoian atsedenik hartzeko asmorik, eta egitarau potoloa prestatu dute uztailerako. Doako saioak dira guztiak, baina parte hartzeko, aurrez izena eman behar da.
Uztailaren 4an, larunbatez, egingo dute hurrengo jarduera. 18 urtetik gorakoei zuzenduta, irteera botanikoa egingo dute, 10:30etik 12:30era. Ibai bazterrak dituen berezitasunak ezagutzeko aukera izango dute txango horretan parte hartzen duten herritarrek, Garbiñe Larreak gidatuta. "Ingurune lurtarrak eta urtarrak bat egiten dute eremu honetan eta, ondorioz, bioaniztasun handiko guneak dira. Sendabelarrek ere badute tokia hemen, zein diren ikusi eta nola erabili ditzakegun ikasi nahi? Aukera paregabea duzu irteera botaniko honetan!", adierazi dute Ekoetxeko arduradunek. Parte hartzeko, hemen eman behar da izena.
Uztailaren 5ean, igandez, familiei zuzendutako saio bat egingo dute: Koxinatu udako zaporeak familian izenekoa. 6 urtetik gorako haurrei zuzenduta dago tailerra, eta 10:30etik 12:30era artean egingo dute. Bertako eta sasoiko sukaldaritzaren balioa familian ezagutuko dute partaideek, esperientzia praktiko, sortzaile eta gozagarri baten bidez. "Urteko zikloaren hirugarren saio honetan, udako zaporeak aztertuko ditugu. Osagai freskoak eta hurbilekoak erabiliz, sukaldaritzan egiten ditugun hautaketak planeta nola zaindu dezaketen ikasiko dugu, bertako ekoizleei lagunduz eta gure aztarna ekologikoa murriztuz", adierazi dute antolatzaileek. Parte hartzeko, lotura honetan eman behar da izena.
Uztailaren 18an, larunbata, izango da hurrengo hitzordua. Egun horretan, Agiretako ur jauzia ezagutzera joango dira. Zestoako herrian kokatzen den eremuan, Goltzibar erreka lagun duen ibilbideaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Esperientzian, uraren garrantzia ulertzeaz gain, lurraldeko "altxor ezkutuak" ezagutuko dituzte. Ibilbidea Zestoako Lauiturri garbitokian hasiko da. Herria atzean utzi eta, Ekain kobazuloaren erreplikarantz doan bidea hartuta, Goltzibar errekaren ibilgua jarraituz, ur jauzira iritsiko dira. Ibilbidean zehar, argazkiak ateratzeko aukera izango da, eta argazki horien bidez, sariak eskuratu ahalko dira. 10:00etatik 13:00etara egingo dute ibilbidea, eta parte hartzeko, hemen eman behar da izena.
Azkenik, Zein ari da kantuan? saioa egingo dute uztailaren 19an, igandez. 12 urtetik gorako pertsonei zuzendutako hitzordua izango da. Txorien kantuak entzun eta horiek identifikatzen ikasiko dute saioan parte hartzen duten herritarrek. "Antzekoak iruditu arren, txori bakoitzak baditu bere berezitasunak kantuan. Ez galdu esperientzia paregabe hau eta ikasi, kantu hutsez, txoriak identifikatzen", adierazi dute Ekoetxeko arduradunek. 10:00etatik 12:00etara egingo dute saioa, eta hemen eman daiteke izena.