Azpeitiko Zezenzale Batzordeak prest ditu dagoeneko saninazioetako zezenketak, baina aurten izango da aldaketarik. Izan ere, batzordeak iragarri duenez, aurten ez dute egingo jaien atarian gauzatu ohi duten desenkajonamentua, dermatosi nodular kutsakorra tarteko. Dena den, erabakia "puntuala" dela adierazi du, ganaduak bizi duen osasun egoera tarteko hartua, eta horregatik, datozen urteetan atzera desenkajonamentua egitea espero duela esan.
Desenkajomaneturik ez, baina zezenketak bai. Eta batzordeak dagoeneko itxi du aurtengo kartela. Aurretik iragarrita zituzten jaietako zein egunetan izango ziren hitzorduak, baita egun horietan zein ganadutegitako zezenak izango ziren zezen plazan ere, eta egunotan jakinarazi du batzordeak egunez egun zein toreatzaile izango diren Azpeitian.
Uztailaren 30ean, uztailaren 31n eta abuztuaren 1ean izango dira aurtengo hiru zezenketak, eta hurrenez hurren, Loreto Charro, Murteira Grave eta Ana Romero ganadutegietako zezenak aterako dituzte plazara. San Inazio bezperako zezenketan Daniel Luque, Borja Jimenez eta Marcos Perez toreatzaileak ariko dira; San Inazio egunekoan, berriz, Emilio de Justo, Borja Jimenez eta Victor Hernandez. Hirugarren eta azken zezenketan, berriz, Morenito de Arandaren, Colomboren eta Ismael Martinen txanda izango da. Jimenez bitan ariko da, beraz, Azpeitiko zezen plazan, eta Luque beste behin izango da Azpeitian; toreatzaile hori da Azpeitiko zezen plazaren historian paseillo gehien egin dituena.
Jorge Urizarren kartela
Gainera, gaur aurkeztu du Zezenzale Batzordeak aurtengo zezenketen kartela. Jorge Urizarrek egindako lana baliatuko dute hitzorduak iragartzeko. Toreatzaile bat ageri da kartelean, kapotean San Inazioren irudia duela.
Honako hau da kartela:
