Oraindik egun batzuk falta dira urteko egunik luzeenak iristeko, baina Urrestillan dagoeneko festa giroan murgiltzen hasi dira. Sanjoanak dituzte hango jai nagusiak, eta asteburu honetan hasiko dira motorrak berotzen. Hain zuzen ere, San Joan herri krosa izango dute larunbatean, eta Jubilatuen Eguna igandean.
Jubilatuen Egunaren barruan, meza egingo dute, 12:00etan, eta, ondoren, Sahatsa dantza taldearen 50. urteurreneko emanaldi berezia izango da. Hamaiketakoarekin, bazkariarekin eta bingoarekin borobilduko dute eguna.
Asteburu honen ondoren, datorren ostiralean, ekainaren 19an, berreskuratuko dituzte festetako ekitaldiak. Egun horretan, Benta Zaharreko Mutiko Alaien emanaldia izango da, baita azkenean berreskuratzea lortu duten pilota jaialdia ere. Larunbatean eta astelehenean ere izango dituzte ekintzak, eta horietako batean Gukak parte hartuko du, gainera: ekainaren 22an, 17:30ean, Gukak umeentzako txokoa jarriko du.
San Joan bezperan, asteartean, festen hasiera irudikatzeko ekitaldia egingo dute; lizarra sartuko dute 00:00etan, eta orduan murgilduko dira ofizialki festetan. Ostiralera arte jai giroan murgilduta ibili ostean, egun horretan egingo dute San Joan zuhaitzaren entierroa, festen amaiera irudikatuz.
Autobus bereziak
Festa egunetan Urrestillara joan nahi dutenentzat autobus zerbitzu bereziak jarri dituzte Azpeititik. Ekainaren 20an, 20:40an –lineakoa– eta 22:30ean abiatuko dira autobusak Azpeititik, eta 01:30ean, 03:30ean eta 06:00etan itzuliko dira Urrestillatik. Ekainaren 23an, 20:40an –lineakoa– eta 23:00etan abiatuko dira Azpeititik, eta 02:30ean eta 04:30ean itzuli Urrestillatik. Eta, azkenik, ekainaren 24an, 19:15ean –lineakoa– eta 20:40an –lineakoa– abiatuko dira autobusak Azpeititik Urrestillara, eta 03:30ean eta 06:30ean itzuliko dira.
Hona hemen festetako egitaraua, osorik:
Ekainak 13, larunbata
- 16:30. Herri krosa.
Ekainak 14, igandea. Jubilatuen Eguna.
- 12:00. Meza.
- 12:45. Gipuzkoako ezpata dantza Urrestillako kaleetan zehar.
- 13:00. Gipuzkoako dantzak Urrestillako plazan.
- 13:30. Hamaiketakoa.
- 14:30. Bazkaria.
- Bazkalondoan, bingoa.
Ekainak 19, ostirala
- 19:00. Benta Zaharreko Mutiko Alaiak.
- 21:00. Euskal selekzioaren pilota partidak, Txikuri pilotalekuan.
Ekainak 20, larunbata
- 12:00. Herri kirolak.
- 21:30. Kontzertuak: Naizena, Modus Operandi, Fury DJa.
Ekainak 22, astelehena
- 10:00. Loretoko mendi buelta, eta goian trikitilariak alaituta.
- 17:30. Gukarekin umeen txokoa.
Ekainak 23, asteartea. San Joan bezpera
- 21:00. Pregoia eta festen hasierako suziria.
- Ondoren, herri afaria.
- 00:00. San Joan zuhaitza sartzea.
- 00:30. San Joan sua piztu eta suaren inguruan dantzaldia.
- Jarraian, Laket taldearekin erromeria.
Ekainak 24, asteazkena. San Joan eguna
- 11:00. Trikitilari gazteen kalejira, buruhandiekin eta erraldoiekin.
- 11:45. Azpeitiko Udal Musika Banda.
- 12:00. Meza nagusia.
- 13:00. Buruhandiak.
- 20:00. Kontzertuak: Aiama, Fan&Go eta Indate DJa.
Ekainak 25, osteguna. San Joan Txiki Eguna
- 12:30. Sagardoa.
- 14:00-14:45. Mus txapelketarako izen ematea.
- 15:15. Mus txapelketa.
- 16:00. Puzgarriak.
- 17:30. Haurren merienda.
Ekainak 26, ostirala, San Joan Hirugarrena
- 17:00. Umeentzako jolasak.
- 18:30. Patata tortilla lehiaketa.
- Ondoren, zuhaitzaren entierroa.