Kultur arloko egitasmoak bultzatzeko asmoz, 2017. urtetik Sorkuntza Bekak banatzen ditu Azpeitiko Udalak Kulturaz kooperatibaren laguntzarekin. Aurtengoan, Xabier Aranbarri izena hartu dute beka horiek, Kulturaz kooperatibaren kudeatzailea zenaren omenez.
Dinamoa sormen gunean atzo jakinarazi zituzten aurten beka hori jasoko duten zazpi proiektuak zeintzuk diren. Aitor Larrañaga Kultura zinegotziak eta Kulturaz kooperatibako Enok Sudupek jakinarazi zituzten horiek, eta beka jaso duten sortzaileak ere bertan egon ziren, bakoitzaren egitasmoak azalduz.
Aurten ere 20.000 euro jarri ditu udalak artistek proiektuak sor ditzaten, eta bi laguntza mota banatu ditu: batetik, 12.000 euro bideratu ditu kultur sorkuntzaren modalitatera; eta bestetik, 8.000 euro kultur sorkuntzako egonaldien modalitatera –4.000 euroko bi beka izango dira–. Lehen modalitatean laguntza jaso dutenak honakoak izan dira: Iñaki Andresen, Olatz Aguadoren eta Edurne Nuñezen Fake, Irati Gallastegiren eta Izei Gallastegiren Poema liburu ilustratua, Ane Odriozolaren eta Irati Oskozen Hau ez da pareta bat, Aiora Urbietaren Etxe bat basoan... eta Joanes Karreraren Hitzaldia. Sorkuntza egonaldirako beka jaso dutenak, berriz, Nahia Silleroren (Min)tzaira eta Itziar Maneroren eta Libe Estebaranzen Festa bukatzean proiektuak dira.
Udalaren arabera, beken helburua da kultur eremuren batean diharduten edo hasi nahi duten pertsona fisikoei kultur sorkuntza bat lantzen laguntzea. Larrañaga zinegotziak azpimarratu zuen deialdira Euskal Herriko toki askotatik aurkezten direla herritarrak, gehienak gazteak, eta diziplina askotako proiektu "interesgarriak" jaso dituztela aurtengoan ere. Guztira, hamar proiektu jaso dituzte 2026ko deialdian, eta horietatik zazpi izan dira hautatuak.
Beka jaso duten sortzaileek zuzeneko laguntza jasoko dute Dinamoa sormen gunean Kulturaz kultur kooperatibaren eskutik. Hain zuzen, beren proiektuen berri eman ondoren, Kulturazeko ordezkariekin bildu ziren atzo sortzaileak, eta besteren artean, lan egiteko moduaz hitz egin eta Dinamoko espazioak eta baliabideak ezagutu zituzten.
Bekadunen proiektuak
2026an Xabier Aranbarri Sorkuntza Bekak jaso dituztenek horrela azaldu zituzten beren egitasmoak eta asmoak:
Iñaki Andres (Lezo, Gipuzkoa), Olatz Aguado eta Edurne Nuñez (Azpeitia)
Fake
"Egiaren eta faltsutasunaren arteko mugen inguruko hausnarketa artistikoa egingo dugu. Horretarako, jantzi bat eta modelo bat prestatuko ditugu, eta testuinguru batean argazkia aterako diegu. Ondoren, argazkia manipulatuko dugu adimen artifiziala erabiliz. Ondorioz, argazki horietako zein da egia? Sare sozialei egindako kritika da gure lana, horietan dena nola manipulatzen den azaleratuko baitugu".
Irati Gallastegi eta Izei Gallastegi (Elorrio, Bizkaia)
Poema liburu ilustratua
"Gazteen begiradatik idatzitako poema liburua onduko dugu, akuarelazko ilustrazioekin. Gaur egungo mundua nola ikusten dugun adieraziko dugu bertan. Gure etxean betidanik egon da presente musika, eta ondorioz, liburuari lotuta egingo ditugun aurkezpenak musikatuak izango dira".
Ane Odriozola (Azpeitia) eta Irati Oskoz (Astigarraga, Gipuzkoa)
Hau ez da pareta bat
"Gure asmoa kale interbentzio artistikoak (muralak, banderak) egitea da, eta erregistro gisa flipbook bat sortzea. Irudia eta hitza nahiz argazkilaritza eta eskultura uztartuko ditugu gure lanean. Beldurra galtzen lagunduko digu bekak, eta baita jada aparte utzita genuen proiektu hau aurrera eramaten ere".
Aiora Urbieta (Zestoa)
Etxe bat basoan...
"Aro digitala ez zait gehiegi interesatzen, eta beti joan izan naiz aurrera beharrean, atzera. Arbasoen sendabelarren jakintzari aitortza egin nahi izan diot, bertako pigmentu naturalekin egindako arte jasangarriaren bidez. Nire birramonak eta haren aurreko belaunaldietako emakume batzuk sendabelarrekin lotura handia izan omen zuten, baina ohitura hori moztu egin zen, tamalez, isilik eta ezkutuan ibili behar izaten zutelako. Horregatik, emakume horiei guztiei aitortza egin nahi diet memoria eta sendabelarrak erdigunean jartzeko proiektu honekin".
Joanes Karrera (Azkoitia)
Hitzaldia
"Galera, heriotza eta zaurgarritasunaren inguruko 20 minutuko hitzaldi esperimentala eskaini nahi dut, musika eta irudiak lagun. Bi esperientzia pertsonalek eraman naute proiektu hau osatzera, gure bi osaba behar baino lehen zendu direlako. Nire ibilbide artistikoa gehienbat irudigintzari lotuta osatu dut, baina heriotza bezalako esperientzia latz bat irudi soil batekin baino hitzekin eta begiradekin gehiago transmititzen dela ikusi dut. Deigarria egin zait helduei eta haurrei nola azaltzen zaien heriotza modu ezberdin batean. Hori horrela, Azpeitiko espazio publikoan 4x4 metroko mural monumentala osatuko dut, euskal mitologiaren (Akerbeltz) lengoaia garaikidea landuz".
Nahia Sillero (Bilbo)
(Min)tzaira
"Ikerketa bat egin nahi izan dut sorkuntza prozesuan dagoen ikuskizuna, poesia eszenikoa eta soinu konposaketa uztartuz. Hizkuntza identitate eta babesleku gisa ikertuko dut, eta horretarako, ahots grabatuak, soinu efektuak eta proiekzioak erabiliko ditut espazio itxietan. Euskara da proiektuaren ardatza, bai edukian, bai forman. Mina eta lengoaia elkartu nahi izan ditut nolabait proiektu honetan, eta horregatik jarri diot (Min)tzaira izena".
Itziar Manero eta Libe Estebaranz (Bilbo)
Festa bukatzean
"Antzerki obra baten bidez, 1960ko eta 1970eko hamarkadetako euskal kantagintza berriari buruzko berrikuspena egingo dugu, oraina eta etorkizuna eraikitzeko pistak bilatzeko helburuarekin. Antzerki dokumentala, soinu collagea eta musika elektronikoa batuko ditugu lanean. Halaber, elkarrizketak eta testigantzak erabiliko ditugu dramaturgia eraikitzeko".