Mantangorri gordeta, festei agur

Ihintza Elustondo 2026ko ekainaren 7a

Sanjuandegiko festetako irudia den Mantangorri auzora jaitsi zuten joan zen ostiralean, eta gaur berriro igo dute balkoi batera, jaiak amaitu direla irudikatuz. Leire Betegi pregoilariak adierazi du festak giro onean igaro direla, eta ondoren, boletoen zozketa egin du. Arratsaldan jendetza ibili da zezenean. 

Azken egunotan festetan murgilduta izan dira Azpeitiko Sanjuandegi auzoan, baina gaur, 20:00etan egin duten ekitaldian, datorren urtera arte agurtu dituzte jaiak. Leire Betegi pregoilariak adierazi du festak giro onean igaro direla eta auzotarrek ederki ospatu dituztela, eta, beraz, gaur iluntzekoa une tristea izanagatik, jaien balorazio positiboa egin du. Ondoren, hiru haurren laguntzarekin, boletoen zozketa egin du: 859 izan da zenbaki saritua, eta 346 ordezkoa. 

Horren ostean iritsi da festetako unerik nostalgikoena. Sanjuandegiko festetako irudia den Mantangorri auzora jaitsi zuten joan zen ostiralean, eta Jose Antonio Agirre plazan izan da orduz geroztik, bandera baten gisan. Dena den, gaur berriro igo dute auzo horretako balkoi batera, eta datorren urtera arte gorde dute. Horrenbestez, amaitu da festa. 

Horren aurretik, aurtengo berrikuntzetako bat izan da Sanjuandegin. 16:00etan hasita, zezena ibili da auzoan barrena, eta jendetza bertaratu da ikustera. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide