Dantzari txikiak eta artisau azoka Sanjuandegin, igande goiza girotzeko

Ihintza Elustondo 2026ko ekainaren 7a

Eguraldi ederrak lagunduta, jendetza elkartu da Sanjuandegin artisau azokaren eta dantzari txikien emanaldiaren bueltan. Egitarauan Resaka Eguna da gaurkoa, baina gutxi izango ziren ohean gelditu direnak. 

XJ Festa batzordeko kideek Resaka Eguna izena jarri zioten egitarauan gaurko egunari, eta batzuek resaka izango zuten arren, eguraldi ederrak lagunduta, jendetza elkartu da festetako azken egunean Sanjuandegin. 11:00etan hasita, artisauen azoka izan da Jose Antonio Agirre plazan, eta hainbat eta hainbat herritar animatu dira haien postuak ikustera eta produktuak erostera. Bestalde, dantzari txikiek emanaldia eskaini dute 11:30ean hasita, eta giro ederra sortu da haien bueltan ere; jende ugari bertaratu da saioa ikustera. 

Arratsaldean izango dira Sanjuandegiko festetako azken ekintzak, Mantangorri berriro balkoira igo aurretik. Hona hemen egitaraua:

  • 16:00. Zezena Jose Antonio Agirre plazan.
  • 18:00. Herri kirol jaialdia.
  • 19:45. Boletoen zozketa. 
  • 20:00. Mantangorriren agur ekitaldia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide