Pilotari tokia egin diote Urrestillako sanjoanetan, euskal selekzioaren eskutik

Nerea Uranga 2026ko ekainaren 6a

Urrestillako sanjoanetako pilota jaialdi bat. (Mailo Oiarzabal)

Aspe enpresak telebistako emanaldietarako akordio berri bat egin, eta bertan behera utzi zuten Urrestillako Txikuri pilotalekuan ekainaren 19an egitekoak ziren pilota jaialdia. Erabaki horri aurre egin, eta Urrestillako pilota jaialdiaren antolatzaileek euskal pilota selekzioaren eskuzko hiru partida antolatu dituzte hilaren 19rako, Euskal selekzioa Urrestillatik mundura lelo hartuta.

Azkenean, esku pilotaz gozatzeko aukera izango dute pilotazaleek aurten ere  Urrestillako sanjoanetan. Joan den maiatzean, aurrez ekainaren 19rako Urrestillako Txikuri pilotalekuan antolatuta zuten goi mailako pilota jaialdia bertan behera gelditu zela azaldu zuten Urrestillako sanjoanetako pilota jaialdiaren antolatzaileek, Aspe enpresak telebistako emanaldietarako akordio berri bat egin izanaren ondorioz. Aurtengoa 27. aldia izango zuen Urrestillako sanjoanetako goi mailako pilota jaialdiak.

Hutsune horri, ordea, irtenbidea aurkitu diote, eta pilotazaleei festetan tokia egiteko euskal pilota selekzioaren eskuzko hiru pilota partida antolatu dituzte Txikuri pilotalekuan ekainaren 19rako, Euskal selekzioa Urrestillatik mundura lelo hartuta. 21:00etan hasiko da pilota jaialdia, eta sarrera doan izango da. Jaialdiaren antolatzaileek pilotazaleak gonbidatu dituzte pilota jaialdira.

Honakoak izango dira hilaren 19an Txikuri pilotalekuan izango diren hiru pilota partidak: lehen partida Olatz Arrizabalagak eta Enara Gamindezek jokatuko dute; bigarren neurketan Azketa eta Garmendia Etxeberriaren eta Irazustabarrenaren kontra ariko dira; eta hirugarrenean, Egigurenek eta Bernaolak Muruaren eta Elorzen aurka jokatuko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide