Festen atariko hainbat ekintza egin dituzte azken egunotan Sanjuandegin, baina ofizialki, gaur murgildu dira auzoan festa giro bete-betean. Auzoko ikurra bilakatu den Mantangorri 19:00etan jaitsi dute Jose Antonio Agirre plazako balkoi batetik behera, Leire Betegi auzotarrak pregoia irakurri eta festak ondo, errespetuz eta aniztasunean igarotzeko mezua eman ostean. Urtero bezala, jendetza elkartu da ekitaldian, eta kamiseta gorriak eta Mantangorriren irudiak izan dira nagusi. Ondoren, trikitilariak, erraldoiak eta buruhandiak ibili dira auzoan barrena giroa alaitzen.
Festak ez ezik, gaurkoan aldarrikapenak ere izan du lekua. Izan ere, XJ Auzolanean festa batzordeak gogoan izan du jaien hasierako ekitaldian munduko egoera soziopolitikoa, eta hori horrela, Palestinari babesa adierazteko mobilizazioa egin dute 18:45ean hasita.
21:00etan, gazte afaria egingo dute, eta ohikoa den gisan, Dantzaki eskolakoen areto dantzen emanaldia izango da 23:00etan. Ordu berean, karpako oholtzan, Istilu, Verrater eta Laket taldeak ariko dira zuzenean. Gainera, txosnagunean, herriko DJen emanaldiak izango dira: Traka eta Matraka, Enesound eta Meritron entzun ahalko dira.
Bihar eta etzi ere izango da zertaz gozatua Sanjuandegin. Hona hemen egitaraua:
Ekainak 6, zapatua Auzo Eguna
- 10:30. Xake txapelketa.
- 11:00. Judo erakustaldia.
- 12:00. Txakolin dastaketa.
- 13:00. Udal Musika Bandaren kontzertua.
- 15:00. Auzo bazkaria.
- Ondoren, bingoa.
- 18:00. III. Trikifree trikiti emanaldia.
- 18:30. Txokolatada.
- 19:00. Erraldoiekin eta buruhandiekin kalejira, eta Hamarru elektrotxaranga.
- 20:00. Parrillada.
- 22:00. Kontzertuak, Lukiek eta Ezpalak taldeen eskutik.
- Ondoren, Tintz DJa karpan, eta herriko DJak txosnan: House one, Larre, Oier eta Erlo.
Ekainak 7, igandea Resaka Eguna
- 11:00. Artisau azoka.
- 11:30. Dantzari txikien emanaldia.
- 16:00. Zezena Jose Antonio Agirre plazan.
- 18:00. Herri kirol jaialdia.
- 19:45. Boletoen zozketa.
- 20:00. Mantangorriren agur ekitaldia.