Ingurumenaren Egunaren bueltan, ekintzaz beteko asteburua antolatu dute Ekoetxean

Nerea Uranga 2026ko ekainaren 4a

Uraren kalitatea aztertzen. (Ekoetxea)

Larunbatean ipuin kontaketa saioa izango da, eta segidan, Urola ibaiaren ingurua garbitzeko ekintza egingo dute. Igandean, berriz, xaboi naturalen ikastaroa eta uraren osasuna nola neurtu ikasteko Aztertu programa izango dira. Ekoetxeako asteburuko ekintza horietan parte hartzeko izen ematea irekita dago.

Bihar, ekainak 5, Ingurumenaren Eguna izango da. Egun horri lotuta, asteburu "berezia" antolatu dute Azpeitiko Ekoetxean, bai larunbaterako eta bai iganderako ekintzak prestatuta. Saioetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da, eta horretarako epea irekita dago Ekoetxea.eus webgunean.

Larunbatean, ekainaren 6an, ipuin kontaketa eta Urola ibaiaren ingurua garbitzeko ekintzak egingo dituzte. Alegia, 10:30etik 11:30era bitartean, Hartzak itsasoa edan zuenekoa ipuina kontatuko du Manex Beristain ipuin kontalariak. Saio horretan, uraren zikloa landuko du Beristainek. 5 urtetik gorakoei zuzendutakoa izango da eta doan.

Ipuin kontaketaren ondoren, larunbatean, 11:30etik 13:00etara, Urola ibaiaren ingurua garbitzeko Lets Clean Up ekintza egingo dute Ekoetxera bertaratzen direnek. Ibai inguruan bildutako zaborra biltzea da ekintzaren helburua, eta bukaeran, mokadutxoa eskainiko diete parte hartzaileei.

Iganderako ere beste bi ekintza dituzte prestatuta Ekoetxean. 10:30etik 12:30era, glizerinazko xaboi naturalen ikastaroa egingo dute. Haurrei zuzendutako ekintza izango da, eta jolasen bidez, xaboi naturalak eta ez-kutsakorrak egitea izango dute helburu. Segidan, 12:30etik 14:00etara, Aztertu programa izango da Ekoetxearen atarian. Saio horretan parte hartzen dutenek uraren osasuna nola neurtu ikasiko dute Aztertukoek azalduta. Uraren kalitatea neurtzeko kit bat ere eramango dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide