Txakolin zaleek hitzordu ederra izango dute datorren zapatuan Azpeitian. Izan ere, Getariako Txakolinaren Eguna egingo dute, bederatzigarrenez, eta aurtengoan izango da berrikuntza nagusi bat: Sanjuandegin egingo dute, Jose Antonio Agirre plazan, auzo horretako festekin bat eginik.
Aurreko urteetan Perez Arregi plazan egin izan dute txakolinaren bueltako festa, baina aurten hitzordu hori Sanjuandegiko jaietako egitarauari batzea erabaki dute. "Festa herriko bi puntutan banatzeari baino zentzu handiagoa du bi jaiak elkartzeak". esan du Mikel Odriozola Azpeitiko Udaleko Festa batzordeburuak.
Txakolin Egunekoa Azpeitian "errotuta" dagoen hitzordua dela azaldu du hark, eta urtero-urtero "giro ederra" sortzen dela. Aurten ere hala izango dela uste dute; izan ere, herritarrek Getariako txakolina izen deitura duten zortzi upategitako edariez gozatzeko aukera izango dute 12:30etik 14:30era bitartean. Sei euroren trukean kopa bat eta bost txakolin dastatzeko txartelak eskuratuko dituzte.
Gainera, edariari laguntzeko Premietxeberri baserrikoen gazta pintxoak eta Eusko Labelen solomo mokaduak ere eskuragarri izango dira, 2,5 eurotan. Azpeitiko Gaixoen eta Elbarrien Aisialde Taldea arduratuko da pintxo horiek banatzeaz. Dastaketa egingo duten bi ordu horietan Bankako Menditarrak taldeko kideak arduratuko dira giroa alaitzeaz.
Honako upategi hauetako txakolinak izango dira dastagai Azpeitiko Udalak eta Getariako Txakolina Jatorri Deitura elkarteak antolatutako hitzorduan:
- Aizpurua
- Akarregi Txiki
- Arregi
- Basa Lore
- Gaintza
- Gañeta
- Rezabal
- Txomin Etxaniz