Pilota partidak eta dantzak trinitateei segida emateko

Julene Frantzesena 2026ko maiatzaren 31

Atzo hasi ziren Nuarben festak ospatzen, eta gaur goizean ere hitzordu bat baino gehiago izan da. Ilunpeko pilotariek neurketa hainbat jokatu dituzte frontoian eta Jose Mari Orbegozoren dantza eskolakoek emanaldia eskaini dute. Gaur eta bihar festan segituko dute auzotarrek.

Atzo hasi ziren Nuarben Trinitate jaiak ospatzen, eta orduz geroztik, festetan bete-betean sartuta dira herritarrak. Gaur goizean, mezarekin hasi dute festetako egitaraua, eta gero, Ilunpeko pilotari gazteek hainbat partida jokatu dituzte. Nuarbeko frontoian izan dira dozenaka lagun pilotari gazteen eskuzko partidak ikusten.

Eguerdi partean hasi da jendea erruz iristen auzora. Izan ere, pilota partidak amaituta, auzotarrek hara joandakoei hamaiketakoa eskaini diete, eta segidan hasi da Jose Mari Orbegozoren dantza eskolako ikasleen emanaldia. Koloretako askotariko jantziak soinean, askotariko doinuen pean dantza ugari egin dituzte horiek.

Arratsaldean segituko dute festa egitarauarekin. Hain zuzen ere, 17:00etatik 19:00etara umeentzako puzgarriak izango dira, eta gero, Julen magoak Xinesteziña ikuskizuna eskainiko du. Afaria ere egingo dute, eta otorduaren aurretik eta ondoren Izer eta Alabier ariko dira giroa alaitzen.

Festak bihar bukatuko dira, umeentzako jolasekin eta txokolatadarekin nahiz Laja eta Narbaizaren erromeriarekin.

Hona hemen datozen orduetako jai egitaraua:

Gaur, igandea

  • 17:00-19:00. Puzgarriak.
  • 19:00. Julen Magoaren Xinesteziña ikuskizuna.
  • Jarraian, afal aurretik eta afal ondoren, Izer eta Alabierrekin erromeria.

Bihar, astelehena

  • 17:00. Umeentzako jolasak, tailerrak eta txokolatada.
  • 21:30. Laja eta Narbaizarekin erromeria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide