Datorren ostegunean izango da Sanjuandegiko barraketako umeen eguna

Julene Frantzesena 2026ko maiatzaren 28a

Umeak iaz Sanjuandegin jarri zuten barraka batean. (Nerea Uranga)

Bihar zabalduko dituzte epaitegiaren aurreko plazan jarri dituzten tiobiboak. Ekainaren 4an prezio murritzagoetan eskuratu ahal izango dira barraketako txartelak. Zapatuan eta ekainaren 7an, egun bakoitzean ordubetez, aniztasun funtzionala duten herritarrek eta haien familietako kideek soilik ibili ahal izango dute tiobiboetan. Halaber, barrakak irekita diren egun guztietan, 17:00etatik 18:00etara, musikarik ez da egongo gunean.

Sumatzen da festa giroa dagoeneko Sanjuandegin, eta horren erakusle da epaitegiaren aurreko plazatxoa barrakez-eta bete izana. Dagoeneko hasi dira horiek muntatzen, eta bihar, ostiralarekin, zabalduko dituzte. Mantangorriren jaitsiera, eta beraz, festen hasiera ofiziala ekainaren 6an izango da. Dena den, etzi Umeen Eguna egingo dute, eta igandean nahiz datorren astean ere izango dira festen atariko hitzorduak. 

Datorren ostegunean, ekainaren 4an, izango da aurtengo barraken eguna, eta beraz, 17:00etatik 22:00etara bitartean prezio murritzagoetan eskuratu ahal izango dira tiobiboetarako txartelak; 1,5 euro balioko dute –2,5 euro gainerako egunetan–.

Barraken egunean herritar ugari ibili ohi da tiobiboetan, eta udalak azaldu duenez, euskara sustatzeko ahalegina egingo du egun horretan. Hain zuzen ere, euskarazko materiala jarri du erakundeak barrakazaleen eskuetan, hala nola euskarazko abestien zerrenda, euskaraz idatzitako prezioen zerrenda eta euskarazko oinarrizko hitzen sorta.

Aniztasun funtzionala dutenek lehentasuna

Aurten ere, aniztasun funtzionala duten herritarrek barraketan ibiltzeko lehentasuna izango dute; etzi, zapatua, 16:00etatik 17:00etara aniztasun funtzionalaren txartela dutenek eta haien familietako kideek soilik ibili ahal izango dute, baita ekainaren 7an, igandez, 11:00etatik 12:00etara ere. Gainera, barrakak irekita diren egun guztietan musikarik gabeko tartea egingo dute 17:00etatik 18:00etara. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide