Mendizaliek taberna eta Bengoetxea harategia, Hanburgesa Festako txapeldunak

Nerea Uranga 2026ko maiatzaren 23a

Hanburgesaren bueltan bi lehiaketa jokatu dira gaur Azoka Plazan. Azpeitiko Bigarren Hanburgesa Osatu Lehiaketan zortzi jatetxe eta tabernak parte hartu dute, eta Bosgarren Gipuzkoako Hanburgesa Haragi Lehiaketan 21 harategik. Jan-edanerako eta dantzarako aukera ere izan da Hanburgesa Festan.

Hanburgesa Festa izan da gaur Azpeitiko Azoka Plazan, eta hanburgesaren bueltako bi lehiaketa jokatu dira. Bosgarren Gipuzkoako Hanburgesa Haragi Lehiaketan 21 harategik parte hartu dute, eta lehen hiru sariak herritik kanpokoek irabazi dituzte. Donostiako bi harategi izan dira aurreneko bi postuetan: Bengoetxearentzat izan da txapela eta Asensiok egin du bigarren. Hirugarren saria, berriz, Oñatiko Txantxiku harategiak jaso du.

Azpeitiko Bigarren Hanburgesa Osatu Lehiaketa ere jokatu da, zortzi jatetxek edota tabernak parte hartuz. Txapelketa honetan hanburgesarik goxoena eta osatuena Mendizaliek tabernak aurkeztutakoa izan dela erabaki du epaimahaiak. Bigarren postuan Landetako Mendizabal jatetxeak aurkeztutako hanburgesak egin du, eta hirugarren postua Sanagustin kulturgunearentzat izan da. Lehiaketa irabazi duen tabernak txapelketara aurkeztutako hanburgesa ohiko eskaintzan izango du datozen asteetan, eta beraz, herritarrek hori dastatzeko aukera izango dute.

Hanburgesa Festan herritarrek hanburgesa jateko aukera ere izan dute, bertan prestatutako mahaietan. Izarraitz igeri elkartekoek taberna jarri dute, nahi dutenek bertan hanburgesa jan bitartean eztarria bustitzeko. Festa borobiltzeko, DJ batek 80ko hamarkadako musika jarri du, dantzarako aukera eskainiz.

Azpeitiko Udalak, Ederto-Harakel Gipuzkoako Harakinen Elkarteak eta Dendartean Gipuzkoako merkataritza bilkurak antolatuta egin da aurten ere Hanburgesa Festa.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide