Bertan behera utzi dute Urrestillako sanjoanetako pilota jaialdia

Iraia Oteiza 2026ko maiatzaren 20a

Urrestillako sanjoanetako pilota jaialdia iaz, Txikuri pilotalekuan. (Mailo Oiarzabal)

Aspe enpresak telebistako emanaldietarako akordio berri bat egin du, eta bertan behera utzi du Urrestillako Txikuri pilotalekuan ekainaren 19an egitekoak ziren pilota jaialdia. Urrestillako jaialdiaren antolatzaileek idatzi bat egin dute, enpresarekin haserre.

27. aldiz, goi mailako esku pilota jaialdia egitekoak ziren ekainaren 19an Urrestillako Txikuri pilotalekuan, sanjoanen bueltan. Altuna III.a eta Gabirondo Zabalaren eta Martijaren kontra jokatzekoak ziren binakako estelarrean, eta bigarren partidan Unai Alberdi azpeitiarrak Dario Gomez izan behar zuen aurrez aurre lau eta erdian, San Fermin torneoaren lehen jardunaldiko lehian. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, baina, pilota jaialdirik ez da izango.

Aspe enpresak telebistako emanaldietarako akordio berri bat egin ondotik iritsi da jaialdiaren ezeztapena. "Ostiraletako jaialdiak Espainia osoan eman behar omen dituzte telebistan, eta emanaldi horiek pilotaleku txikietan grabatzerik ez dute nahi. Urrestilla haien planetatik kanpo geratu da", azaldu dute Urrestillako pilota jaialdiaren antolatzaileek. Txikuri pilotalekurako beste data eta beste jaialdi bat proposatu dizkiete enpresak trukean, baina antolatzaileek ez dute halakorik onartu. "Ez gara inoren txotxongiloak", diote haserre. 

Egoera ikusita, Kitto Urrestillako pilota jaialdiak izenburupean, jaialdiaren antolatzaileek honako idatzia bidali dute hedabideetara: 

"Urrestillan duela 29 urte hasi ginen profesionalen esku pilota partidak antolatzen, San Joan festen ingurumarian. Pandemia garaian galdu genituenekin, aurtengoak 27.a izan behar zuen. Horrelako herri txiki batean hain maila handiko jaialdiak hain denbora luzez antolatzeko, hiru faktore izan dira ezinbesteko: Aspe pilota enpresako Fernando Bidarterekin izan dugun tratu ezin hobea, kolore guztietako udal gobernuek eman dizkiguten erraztasunak eta herritarren babesa. Aurten Bidarte falta da eta dena pikutara joan zaigu. Aspeko arduradunekin aritu gara hartu-emanean, baina ez da baliozko interlokuzioa izan, beste norbaitek agintzen baitzuen. 

Asko kosta zitzaigun guk nahi genuen mailako jaialdia lortzea. Zorabiatu egin gintuzten, baina lortu genuen eta hitzartuta geneukan. Ekainaren 19an, 20:45ean, lau eta erdiko San Fermin torneoa Alberdi II.ak eta Dariok jokatu behar zuten; binakako lehia, aldiz, Altuna III.ak eta Gabirondok Zabalaren eta Martijaren aurka. 

Aspek berak eskatu zigun pilotalekuan txukunketa lan batzuk egitea. Azpeitiko Udalak aurrekontua onartua zuen, datorren astean hastekoak zituzten lanak, 400 sarrera baino gehiago salduta geneuzkan eta herritarrek elkarteetan afari-merienda egiteko planak ere eginda zeuzkaten. Bada… dena pikutara. Ostiraletako jaialdiak Espainia osoan eman behar omen dituzte telebistan, eta emanaldi horiek pilotaleku txikietan grabatzerik ez dute nahi. Urrestilla haien planetatik kanpo geratu da. Beste data bat eta beste jaialdi bat proposatu dizkigute trukean. Ez, gu ez gara inoren txotxongiloak.

Ia 30 urteko ibilbidea zaila bezain ederra izan da. Orain zaila bakarrik da. Gurearen moduko plaza txikiek traba egiten diete, dirudienez. Beraiek jakingo dute pilota nora eraman nahi duten. Hor konpon.  

Eskerrak eman nahi dizkizuegu urte hauetan guztietan babesa eman diguzuen denoi. Gora pilota! Gora Urrestilla!"

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide