Ekainaren 13an egingo dute Urrestillako San Joan herri krosa

Julene Frantzesena 2026ko maiatzaren 15a

Hainbat haur iazko krosean, korrika. (Mailo Oiarzabal)

Sanjoanen atariko kirol egitasmoaren 22. edizioa izango da, eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea. Lasterketa nagusirako eman beharko da aurrez izena; gainerakoetarako egunean bertan eskainiko dute aukera. 

Ekainaren 13an, larunbatez, egingo dute Urrestillan sanjoanen bueltan egin duten herri krosa. Kirol egitasmoaren 22. edizioa izango da, eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea.

Mailaz maila egingo dituzte lasterketak, baina lasterketa nagusirako soilik eman beharko da izena aurrez. Ondorioz, Herri Krosaren webgunean inskribatu beharko dute jubenil, senior eta beteranoen mailetako korrikalariek. Egunean bertan izango da gainerako probetarako izena emateko aukera, Urrestillako plazan jarriko duten mahaian. 

17:00etan hasiko dira lasterketak. Lehen Hezkuntzako bigarren mailara arteko umeak izango dira kirol festan murgiltzen aurrenak, eta haien atzetik ariko dira benjaminak, kimuak eta infantilak. 18:00etan hasiko da lasterketa nagusia. Maila bakoitzeko partaideek distantzia jakin bat osatu beharko dute korrika.

Hona hemen San Joan herri krosaren aurtengo edizioaren egitaraua:

  • 17:00. LH 2. mailara arteko umeen korrika festa.
  • 17:15. LH 3. eta 4. mailetako ikasleek 550 metroko ibilbidea osatuko dute.
  • 17:30. LH 5. eta 6. mailetako ikasleek 950 metroko ibilbidea osatuko dute.
  • 17:45. DBH 1. eta 2. mailetako ikasleek 1.190 metroko ibilbidea osatuko dute.
  • 18:00. DBH 3. eta 4. mailetako ikasleek 2.300 metroko ibilbidea, jubenilek 4.500 metroko ibilbidea, eta seniorrek eta beteranoek 6.600 metroko ibilbidea egingo dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide