Uztaidun errekortari erakustaldia egingo dute maiatzaren 31n, igandez, Azpeitiko zezen plazan. Aurtengoan ezin izan dute ligako txapelketa antolatu dermatosi nodular kutsakorra medio, eta, ondorioz, erakustaldia egingo dute Kalian Gora zezenzale elkarteak antolatuta. Iherraren IV. omenaldia ere izango da egun horretan.
Euskal Herriko zortzi bikote onenek parte hartuko dute erakustaldian, eta tartean izango dira Xabier Iturralde, Unai Arellano eta Iñaki Soraluze azpeitiarrak. Bi multzotan banatuta eskainiko dituzte beren abileziak: batetik, ligako bikoteak arituko dira, eta bestetik, hasiberriak. Ligako bikoteen artean daude Unai Arellano (Azpeitia) eta Xabier Iturralde (Azpeitia), Ander Lizarralde (Villabona, Gipuzkoa) eta Roberto Constanza (Orkoien, Nafarroa), Ander Gallastegi (Durango, Bizkaia) eta Anartz Almortza (Bergara, Gipuzkoa) nahiz Enaitz Tardio (Tolosa, Gipuzkoa) eta Alvaro Cabezon (Funes, Nafarroa). Aldiz, hasiberrietako bikoteen artean daude Mikel Caraman (Mutriku, Gipuzkoa) eta Mikel Albizu (Mutriku, Gipuzkoa), Jokin Jauregi (Andoain, Gipuzkoa) eta Iñigo Goikoetxea (Tolosa, Gipuzkoa), Iñaki Soraluze (Azpeitia) eta Andoni Zumeta (Asteasu, Gipuzkoa) eta Ander Martinez (Aretxabaleta, Gipuzkoa) eta Eneko Monreal (Beasain, Gipuzkoa). Zezenak, berriz, Albara ganadutegiak jarriko ditu. 17:30ean hasiko da ikuskizuna.
Erakustaldiaren ondoren, ikusleentzat behi bolaztatuak izango dira 16 urtetik gorakoentzat, eta era berean, Iherraren omenaldia izango dela aurreratu dute antolatzaileek.
Sarrerak dagoeneko eskura daitezke, Mendizabal erretegian, Korralen, Jim Clarken eta Pastorkuan. 5 urtetik beherakoek ez dute sarrerarik ordaindu beharko; 5 eta 14 urte artekoek bost euro ordaindu beharko dute; eta 14 urtetik gorakoek hamar euro.