GUTUNA

Duintasun falta azken agurrean

Garazi Aranguren Illarramendi 2026ko apirilaren 30a

Azkoitiko hilerriko errauste labea. (Andoni Elduaien)

Garazi Aranguren Illarramendik Azkoitiko hilerriko errauste labearen egoera tarteko honako gutun hau bidali du Gukaren erredakziora.

Azkoitiko errauste labeari buruz Caballero-Ortiz familiak kaleratutako gutuna irakurri dut, gune hori "lotsagarria eta duintasunik gabekoa" dela esaten zuena, eta idazteko beharra sentitu dut.

Guk ere kexa horrekin bat egiten dugula adierazi nahi dizuegu, Caballero-Ortiz familiarekin batera; izan ere, haiek azaldu dutena eta guk lehen pertsonan bizi izan dugun errealitatea berberak dira, tamalez.

Martxoaren 29an zendu zen nire ama. Edozein familiak bezala, halako une bati aurre egin genion, maite dugun pertsona bati agur esateak dakarren min izugarriarekin, eta gutxienez espero genuen azken agurra emateko espazio bat aurkitzea, "tratu duinarekin eta errespetuzkoarekin" agurtzeko aukera izatea, pertsona orok merezi duen bezala. Errealitatea, baina, oso bestelakoa izan zen.

Aurkitu genuena hotza, zaindu gabea eta une hain delikatu baterako desegokia zen ingurunea izan zen. Erabat gatoz bat Caballero-Ortiz familiaren testuan agertzen den sentsazioarekin: "Sinestezina dirudi" gaur egun erraustegi bat hain gizatasun gutxiko espazioa izatea. Min horri, gainera, ezinegona gehitu zitzaion: enpatiarik ez zegoela sentitu genuen, dena prozesu bat azkar amaitzera mugatzen zela, inolako laguntzarik edo sentiberatasunik gabe, familia hautsi baten aurrean.

Inork ez du ahazten inoiz nola agurtzen duen bere ama. Galeraz gain, oso mingarria da oroitzapen hori duintasun faltak markatuta geratzen dela pentsatzea, gehien zaindu beharko litzatekeen une bat izanik.

Testuan adierazten duten bezala, "ez da normala" hain beharrezkoa den zerbitzu batek gutxieneko duintasun eta profesionaltasun baldintzak ez betetzea. Horregatik, uste dugu Caballero-Ortiz familiak egin duen bezala, beharrezkoa dela egoera publiko egitea, "beharrezko neurriak lehebailehen har daitezen" eta beste familiarik ez dadin egoera beretik igaro.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide