Azpeitiko Zezenzale Batzordeak aldatu egin ditu saninazioetako zezenketen datak. Hasiera batean San Inazio egunez, San Inazio bigarrenez nahiz abuztuaren 2an ziren zezenketak egitekoak, baina aldaketak iragarri ditu batzordeak, eta San Inazio bezperatik abuztuaren 1era bitartean egingo dituzte hiru hitzorduak.
San Inazio bezperan, uztailaren 30ean, Ana Romero ganadutegiko zezenak toreatuko dituzte, San Inazio egunez Murteira Gravekoak, eta San Inazio bigarrenez, berriz, Loreto Charro ganadutegikoak. Hitzordu bakoitzeko toreatzaileak ez dituzte jakinarazi oraindik ere, baina aurreratu dute, besteak beste, Borja Jimenez, Jesus Enrique Colombo eta Ismael Martin Azpeitiko zezen plazan izango direla egun horietan.