Espainiako Gobernuaren Ministro Kontseiluak hilaren 14an onartu zuen migratzaileen ezohiko erregularizazioa arautzen duen dekretua, eta apirilaren 16an hasi zen eskaerak egiteko epea. Prozesu horretan herritarrei laguntzeko asmoz, aholkularitza juridikoko zerbitzua indartuko du Azpeitiko Udalak, SOS Arrazakeriarekin lankidetzan; aholkularitza zerbitzua ostiral arratsaldeetan ere eskainiz eta datorren astearterako informazio saioa antolatuta.
Orain arte, Aholku Sarearen barruan, arreta ostiral goizetan eskaintzen zuten, SOS Arrazakeriarekin. Lankidetza honi esker, maiatzaren 8tik aurrera, ostiral arratsaldeetan ere izango da zerbitzua Azpeitian erroldatuta dauden herritarrentzat. Zerbitzua Baigera eraikinean –Enparan kaleko 6. zenbakia– hirugarren solairuan duten bulegoan eskainiko du SOS Arrazakeriako kide batek, 15:30etik 19:30era. Ekainaren 30ean amaituko da ezohiko erregularizazio prozesuko dokumentuak aurkezteko epea, eta ordura arte eskainiko dute ostiral arratsaldeetako zerbitzu hori.
Zerbitzua jasotzeko aldez aurretik hitzordua hartu beharko da. Horretarako, SOS Arrazakeriaren 943-24 56 26 edo 943- 24 56 27 telefonoetako batera edo Azpeitiko Udal Gizarte Zerbitzuaren 943-15 71 92 telefono zenbakira deitu beharko dute herritarrek.
Aholku Sarearen barruan eskainiko duten zerbitzu horretan, ezohiko erregularizazio prozesuaren inguruko zalantzak argitu eta espedientea prestatzen lagunduko dute. Erregularizazio eskaera, ordea, herritarrak berak aurkeztu beharko du, horretarako jarri dituzten kanalen bidez.
Ezohiko erregularizazio prozesuaren tramitazioan errolda historikoa da aurkeztu behar den dokumentuetako bat, eta hori herritarren arreta zerbitzuan eska daitekeela zehaztu du udalak. Bestalde, zaurgarritasun txostena behar dutenek Udal Gizarte Zerbitzuetara jo beharko dute. Udalak emandako datuaren arabera, dagoeneko berrehun herritar ingururi prestatu dizkiete zaurgarritasun txostenak Gizarte Zerbitzuetan.
Datorren asteartean, informazio saioa
Bestalde, migratzaileen ezohiko erregularizazio prozesuaren xehetasunak azaltzeko informazio saio bat ere antolatu du udalak herritarrentzat. Saio hori datorren asteartean, apirilaren 29an, izango da, 18:00etan, Basazabal jauregian. Hitzaldia SOS Arrazakeriako kideek emango dute, eta gazteleraz izango da.