Azpeitiko plaza beteta egin diote harrera Marrerori eta Agirrezabalagari

Nerea Uranga eta Andoni Elduaien 2026ko apirilaren 23a

Realarekin Espainiako Kopa irabazi duten Unai Marrero atezainari eta Oier Agirrezabalaga prestatzaile fisikoari harrera egin diete gaur Azpeitiko Udalak eta Ikasberri nahiz Lagun Onak futbol klubek. Txaloak, emozioa, kantua eta esker hitzak izan dira nagusi herritarrez betetako plazan.

Saninazioetako txupinazoa? Ez, Espainiako Kopako txapeldun izandako Realeko Unai Marrero atezainari eta Oier Agirrezabalaga prestatzaile fisikoari egindako harrera izan da Azpeitiko plaza herritarrez goraino bete duena. Emozioa, txaloak, kantua, negar malkoak eta oihuak... denetik izan dira gaur arratsaldean plazan.

18:00etarako txuri-urdinez jantzitako asko biltzen joan dira plazan, eta Lagun Onak eta Ikasberri futbol klubetako jokalari gazteak ilaran jarri dira plaza zeharkatuz. 19:00ak jota sartu dira plazara Marrero eta Agirrezabalaga Espainiako Kopa eskuetan zutela, txalo artean igaro dute plaza alde banatara herriko bi futbol klubetako jokalariak zituztela, bata eta bestea agurtu eta igo dira udaletxeko balkoira. Udaletxean zain zituzten Realeko zuzendaritzako hainbat kide, familiakoak, lagunak eta udal ordezkariak. Nagore Alkortaren zorion eta esker hitzak entzun dituzte, garaipenarekin herritarrak zoriontsu egin dituztelako. 

Segidan, Marrero eta Agirrezabalagaren txanda izan da. Txetxu Urbieta kazetariak gidatuta, Espainiako Kopako finaleko partidako hainbat une gogoratu dituzte, Euskadi Irratiko Maitane Urbieta esatariaren ahotsean. Biek adierazi dute oso pozik daudela, eta Agirrezabalagak azpimarratu du, "lorpenik handiena" herri oso bat zoriontsu egiteko gai izatea dela. Gaineratuz, "Azpeitiko herria oso berezia" dela.

Hunkituta herritarrak, eta hunkituta Marrero herritarrek egindako harrerarekin. "Futbola oso azkar" dihoala, eta eguneroko lanarekin badoala "pixkanaka lurra hartzen" esan du. Udala, herriko bi futbol klubak, etxekoak, lagunak eta inguruko guztiak eskertu ditu atezainak.

Txoriak txori abestuz bukatu dute plazara begirako ekitaldia. Behin udaletxearen barruan, Azpeitiko alkatearen eta Jon Oteiza Kirol batzordeburuaren eskutik oroigarri bana jaso dute Marrerok eta Agirrezabalagak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide