Indarkeria matxistagatik ezarritako urruntze agindua urratu zuen gizon batengandik ihesi zihoan 37 urteko emakume bat hil zen herenegun Iruñean. Heriotza hori salatzeko elkarretaratzea deitu du Azpeitiko Feministen Sareak gaur arratsalderako. Hain zuzen ere, 18:30ean egingo dute kontzentrazioa, Eraso matxistarik ez! Aski da! lelopean, plazan. Sareak salatu duenez, urtea hasi zenetik Euskal Herrian hiru emakume hil dira indarkeria matxista tarteko.
Azpeitiko Udalak bat egin du arratsaldeko elkarretaratzearekin, eta erakundeak elkartasuna adierazi die hildakoen senideei eta gertukoei. Udalak gogorarazi duenez, hiru hilketa matxista erregistratu dituzte 2026an Euskal Herrian, eta gainera, Irungo emakume bat hil du bikotekideak Zaragozan. Halaber, jakinarazi du 136 hilketa matxista izan direla 2003tik Euskal Herrian, eta esan du ez duela onartuko inolako giza eskubideen urraketarik, ez Azpeitian, ez beste inon. Halaber, urraketen aurrean, modu aktiboan jokatzea herritarren ardura ere badela gogorarazi du erakundeak.
Emakumeen aurkako indarkeria "egiturazko arazoa" dela esan du, emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituena. "Indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza. Aitzitik, generoen gaineko aurreiritziak, gizartean aski errotuta dauden horiek dira, hain zuzen, halako ondorio larrien eta tamalgarrien sortzaile". Hilketa matxista emakumeen aurkako indarkeriaren muturreko espresioa dela gogorarazi du erakundeak, eta erasoei aurre egiteko gizonen eta emakumeen arteko berdintasun balioak sustatzea ezinbestekoa dela erantsi.
Udalak adierazi du gainerako erakunde publikoekin batera lanean jarraituko duela, "erdintasunaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larriari" irtenbidea eman behar zaiolako. Era berean, esan du eraso oro gaitzestea, indarkeriari aurre egiten dioten emakumeei babesa ematea, prebentzio eta sentsibilizazio lanean jarraitzea eta baliabideak bideratu behar direla.
Eraso matxisten aurrean zenbaki hauetakoren batera deitu dezakete herritarrek:
Gizarte Zerbitzuak: 943-15 71 92.
Udaltzaingoa: 092 edo 943-15 13 13.
Emakumeen Txokoa: 688 75 10 00.
Ertzaintza: 112.