Jendetza. Horixe atera du kalera gaur Korrikaren 24. edizioak Azpeitian. Eta zirrara. Horixe eragin du euskararen aldeko egitasmoak herrian. Errezildik barrena sartu da Azpeitiko lurretan Korrikaren 24. edizioa gaur, larunbatez, 16:00 aldean, eta Landetatik barrena, Artzubia igarota, Zelai Luze zeharkatu eta Zestoa aldera joan da. Ehunka lagun, milaka herritar atera dira kalera, euriak euri, hotzak hotz. Lekukoa eskuz esku, eragilez eragile, ohi moduan.
Lehen aldiz herritik pasatu dela suma zitekeen kalean Korrikak Zestoarako bidea hartu duenean; izan ere, jendea ikusten zen han eta hemen, batean eta bestean. Ordubetera berriz sartu behar zuen Korrikak herrigunean, eta arkupeak eta estalpeak, denak bete dira jendez. Euria ere egin du, baina berriz Korrika Azpeitian zela, Alde Zaharra zeharkatu orduko atertu du; gainera, Erdikalean "Hementxe dala" kantatuz hartu dute herritarrek Zestoatik zetorren jende uholdea. Metroz metro, jendetza are nabarmenago egin da Bustinzuriko Errebalean behera, Korrikak Loiolako Inazio hiribiderako bidea hartu duenean. Korrikaren furgonetaren barruan zihoazenak txaloka, jendea ohiuka, eta bat baino gehiago negarrez, hunkituta. Horixe da Korrika.
Azkoitirako bidean ere herritar ugari joan dira lasterka, furgonetaren atzean, lekukoaren atzean, pankartaren atzean, eta aldameneko herrian ere antzekoa izan da irudia: jende andana han ere. Azkarateko mendatea atzean utzita, Elgoibarrerantz segitu du Korrikak.
Bihar, ikus-entzunezkoa
Bihar bukatuko da joan zen martxoaren 19an Atharratzen (Zuberoa) hasi zen Korrikaren 24. edizioa, Bilbon. Korrikaren bukaera ekitaldiaren zuzeneko saio berezia egingo dute euskarazko hainbat hedabidek elkarlanean, tartean Gukak, eta saio hori webgune honetan ikusi ahal izango da. Hain zuzen ere, Andoni Elduaien Gukako kazetaria saio horretan ariko da, elkarrizketak egiten.
Bestalde, asteazkenean eta gaur eskualdean jasotako irudiekin nahiz herritarrei egindako elkarrizketekin osatutako ikus-entzunezko saio berezia eskainiko du Gukak bihar iluntzean, webguneetan eta telebistan.
(Argazkiak: Julene Frantzesena, Nerea Uranga eta AEK)