Kirola eginda eta aurpegiak margotuta, Korrikaren zain dira herritarrak Azpeitian

Julene Frantzesena 2026ko martxoaren 28a

Eguraldi makurra izan da goizeko protagonista, baina ez bakarra; izan ere, Korrika Batzordeak antolatuta, Domusa Teknik 40 MLKerako entrenamendua, orientazio proba, marrazketa saioa nahiz triki poteoa egin dituzte haurrek nahiz helduek. 16:03an sartuko da Korrika Azpeitiko lurretan, eta Zelai Luze igarota, Zestoara joango da; 18:03 aldera itzuliko da atzera herrira, eta Alde Zaharra zeharkatuta, Azkoitira joango da. Iluntzean erromeria eta kontzertua izango dira Sanagustinen.

Eguraldi makurra, horixe izan da gaur goizeko protagonista herrian, baina ez bakarra. Izan ere, Korrika gaur arratsaldean iritsiko da Azpeitira, eta Korrika Batzordeak goizetik iluntzera arteko egitaraua prestatu du. Euria ez da izan herritarrak etxeetatik ez ateratzeko aitzakia, eta dozenaka lagun elkartu dira ekintza baten eta bestearen bueltan.

Batetik, Domusa Teknik 40 MLK proba prestatzeko entrenamendua egin dute hainbat lagunek, eta horiek eguerdian iritsi dira plazara, mela-mela eginda baina gustura. Gainera, hainbat ume ibili dira goiz partean herrigunean orientazio proba egiten; haiek ere 12:30en bueltan iritsi dira proba bukatuta kioskora.

Halaber, Azoka Plazan hainbat ume elkartu dira, eta horiek marrazkiak egiteko nahiz aurpegiak margotzeko aukera izan dute. Gero, 13:00 inguruan, Julen Badiola eta Eneko Arbeo trikitilarien laguntzarekin, bertsotan jardun dute Jon Gurrutxagak, Suhar Gesalagak eta Oier Etxeberriak, jendez leporaino beteta zegoen Sanagustin kulturgunean. Hantxe hasi dute, hain zuzen, bertso poteoa, eta hainbat taberna igaro dituzte bazkal ordua iritsi bitartean.

Korrikarako motorrak berotu dituzte, beraz, herritar hainbatek, eta eguraldia alde izan ez arren, sumatzen da herrian arratsaldean iritsiko dela Korrikaren 24. edizioa Azpeitira. Errezildik barrena sartuko da Azpeitiko lurretan euskararen aldeko egitasmoa, 16:03 inguruan, eta Landeta igarota, Zelai Luzetik pasatu eta Zestoara joango da. Berriro itzuliko da gero Azpeitira; hain zuzen ere, Alde Zaharra 18:03 aldera zeharkatuko du Korrikak, Azkoitira joaterako.

Behin Korrika herritik pasatuta, erromeria izango da Sanagustin kulturgunean. Trikigiroren eskutik, emanaldia eskainiko dute Lurdes Alkortak, Lidia Irigoienek, Saioa Lizarraldek eta Maddalen Arzallusek. Gauean, berriz, Azax taldearen kontzertua izango da kulturgunean bertan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide