Bihar arratsaldean iritsiko da Korrika Azpeitira, baina herria dagoeneko motorrak berotzen ari da. Gaur goizean, haurren txanda izan da, eta 10:15ean igerilekuaren aurretik hasita, herrian barrena zabaldu dute euskararen aldarria Korrika Txikiarekin. Herriko hiru ikastetxeetako ehunka ume elkartu dira korrika egiteko, eta festa giro ederra sortu da.
Sanjuandegitik plazaraino, Korrika Txikiaren lekukoa eskutik eskura ibili dute Azpeitiko Ikastola Ikasberriko, Izarraizpeko eta Iraurgi Ikastetxeko HH4tik LH6ra arteko ikasleek, irakasleen eta gurasoen laguntzarekin. Lekukoa eskuz esku igaroz herriko kaleak zeharkatu ostean, plazan elkartu dira parte hartzaile guztiak. Plazan, lekukoaren barruan gordeta zegoen mezua irakurri dute kioskotik hiru ikastetxeetako ordezkariek. Ondoren trikiti doinuekin eta Korrikaren aurtengo abestiarekin kantuan eta dantzan borobildu dute ekintza Korrika Txikian parte hartu duten guztiek.
Hitzordu nagusia, berriz, bihar arratsaldean izango dute herritarrek. Izan ere, 15:52 inguruan iritsiko da 24. Korrika Errezildik barrena Azpeitiko lurretara.