150 zuhaitz eta zuhaixka berri Landetako Gerratxiki kalean

Ihintza Elustondo 2026ko martxoaren 1a

Zuhaitz Eguna egin dute gaur Azpeitian, eta guztira, 150 zuhaitz eta zuhaixka inguru landatu dituzte. Eguraldi ederrak lagunduta, 50 bat lagunek parte hartu dute gaurko ekintzan.

Zuhaitz Eguna ospatu dute gaur Azpeitian, Ekoetxeak eta udalak antolatuta. Aurten, Landeta auzoko Gerratxiki kalean landatu dituzte zuhaitzak, 10:00etan hasita. Guztira, 150 zuhaitz eta zuhaixka inguru landatu dituzte, Kimu Bateko langileen laguntzarekin. Eguraldi ederrak lagunduta, 50 bat lagunek parte hartu dute gaurko ekintzan.

Zuhaitzak landatuz, herrian "ingurune osasungarriagoak eta iraunkorragoak sortzen laguntzea" izan da ekintzaren helburua; ingurumena zainduz, "basoberritzea sustatzea", alegia. Klima aldaketara moldatzea "ezinbestekoa" da Ekoetxeako arduradunentzat: "Egokitzapena esparru ezberdinetatik landu badaiteke ere, badago zeregina biodibertsitatearen eta basogintzaren eredutik. Hori dela eta, zer hobeto landaketa herrikoi bat egitea baino? Etorkizunera begira, herrigintza ariketa arduratsua da Zuhaitz Eguna, ingurune iraunkorragoak sortzen laguntzen baitu", azaldu dute.

Landaketari esker, gainera, espezieak ezagutzeko, horiek dituzten onurak barneratzeko eta nola zaindu behar diren ikasteko aukera izan dute partaideek. Besteak beste, lizarrak, sahatsak, astigarrak, erramuak eta hurritzak landatu dituzte gaur. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide