Joan ziren aurtengo karnabalak, baina oraindik ez diote albiste izateari utzi Azpeitian. Izan ere, Loiolako Inazioren prozesioaren mozorroak, taldekako lehiaketan lehen saria atera zuenak, ezinegona sortu du hainbat herritarren artean. Hain zuzen ere, Azpeitiko EAJren udal taldeak idatzi bat kaleratu du sinesmen erlijiosoak errespetatzeko deia eginez, eta udalari egotzi diote errespetuaren bermatzaile izateko ardura, inauteriak araututa. Inazio Deunarena eta haren kideena egin zuten gazteek ere ez dira isilik geratu; ironiaz erantzun diote jeltzaleei.
Azpeitiko EAJren udal taldeak, bere idatzian, ontzat jo du Astelehen Karnabalean herritar talde batek Loiolako Inazioren prozesio instituzional eta erlijiosoa irudikatu izana. "Ideia bera, bere horretan, inauterien espirituaren barruan uler zitekeen: denok ezagutzen dugun eszena bat berrirakurri eta satiraren eta umorearen eremura ekartzea, antzeztea". Arazoa parodia ez zela izan zehaztu dute, "edukia" eta "moduak" baizik. "Guztiak ez du balio. Konpartsaren ibilbidean zehar, mezuak zituzten estandarteak erakutsi ziren; ez zuten bilatzen ez hausnarketa kritikorik, ez irakurketa eraikitzailerik, baizik eta probokazio zuzena eta gure gizarteko zati handi baten sinesmen erlijioso sakonak barregarri uztea. Eta horrek ezinegona sortu zuen. Kalean nabaria zen ezinegona".
Jeltzaleen ustetan, "argi dago pertsonaia historiko askok, gaur egungo irizpideekin aztertzen baditugu, gaur onartezinak liratekeen alderdiak dituztela". Hori horrela, Inazioren bizitza, XVI. mendeko edozein pertsonaiarena bezala, bere testuinguru historikoan ulertu behar dela diote. "Duela bostehun urteko errealitateak XXI. mendeko begiradarekin epaitzeak sinplifikazio bidegabeetara eraman gaitzake. Eta hori ez da historiaren defentsa itsu bat; koherentziarako dei bat baizik".
EAJko kideek onartzen dute inauteriek kritikatzeko aukera ematen dutela, baita sarkasmoa egiteko eta tradizioak zalantzan jartzeko aukera ere. "Baina ez luke bihurtu behar gure auzokide askoren sinesmen erlijiosoak edo ideologikoak seinalatzeko, barregarri uzteko edo zuzenean mintzeko tresna. Horrela jokatzen badugu, denon jaia izateari uzten dio eta konfrontazio gune bihurtzen da. Eta gure gizarteak nahikoa sufritu du konfrontazioaren ondorioz". Jaiak guztiontzat direla diote jeltzaleek, prozesioan aktiboki parte hartu zein ez, sinestun izan zein ez, tradizioarekiko lotura estua sentitu zein distantziatik begiratu. "Bizikidetza horixe da: adierazten jakitea, bestea urratu gabe. Errespetutik, minik eragin gabe".
Gainera, EAJkoek bereziki kezkagarri jo dute konpartsa horrek taldeko mozorro onenaren saria erdietsi izana, eta udalari egotzi diote horren ardura. "Udalak, lehiaketa antolatu eta babesten duen erakunde gisa, errespetuaren eta bizikidetzaren berme izan behar du. Ezin du beste aldera begiratu zatiketa sortzen duten edo oinarrizko eskubideei –erlijio askatasuna, besteak beste– eragiten dieten mezuak erabiltzen direnean".
Sormena zentsuratzeko edota adierazpen askatasuna mugatzeko asmorik gabe, euren kritikaren helburua zentzuzko mugak ezartzea dela adierazi dute jeltzaleek, umorearen aitzakian iraingarriak edo baztertzaileak izan daitezkeen jarrerak normaliza ez daitezen. "Ekitaldi publiko batean adierazpen matxistak, arrazistak, homofoboak edo xenofoboak onartuko ez genituzkeen bezala, ez genituzke gure auzokideen sinesmen erlijiosoak iraintzen dituzten burlak ere onartu behar".
Horiek horrela, arauak eskatu dituzte. "Etorkizuneko edizioetarako mozorro lehiaketa argiago arautzea beharrezkoa dela uste dugu, errespetua eta bizikidetza bermatuko dituzten irizpideak ezarriz". Gogoeta hori udalari formalki helaraziko diotela ziurtatu dute, etorkizunean antzeko egoerak saihesteko eta hobekuntzak egiteko asmoarekin. "Izan ere, inauteriek batu egin behar gaituzte, ez zatitu. Irribarrea eragin behar digute, ez aurrez aurre jarri. Eta Azpeitia bezalako herri batean, bizikidetza edozein probokazioren gainetik egon behar da beti".
"Mozorrotutako zentsura"
Karnabaletan Inazio Deunaz mozorrotu zen herritarrak eta haren kideak ez dira isilik gelditu EAJkoen kritiken aurrean, eta ironiaz jositako erantzuna igorri diete jeltzaleei. Sutan jarri dela dio Inaziok, eta ez prozesioagatik, EAJkoen baldartasunagatik baizik. "Alderdikide maiteok, nola bururatu zaizue horrelako gutun serio eta kirasduna idaztea? Ez al duzue ikusten jokoa galtzen ari garela? Konspirazio honek beste modu batera funtzionatu behar zuen".
EAJkoena "mozorrotutako zentsura" izan dela uste dute gazteek. "'Bizikidetza' eta 'errespetua' aipatzen dituzue, baina herriak badaki hori nire izenean boterea mantentzeko erabiltzen duzuela. Nire prozesioa parodiatu duen talde horrek asmatu du: Elizaren handikeria eta gure botere gosea agerian utzi dituzte. Eta guk, erantzun dotore bat eman beharrean, haserre dagoen sakristau baten moduan idatzi dugu. Akats estrategikoa!".
Jeltzaleei lehen sariaren "bekatuak" min eman diela uste dute. "Horixe da min eman diguna, ezta? Herriak nire 'beste ni' parrandazaleari eman diola saria, eta gure sermoiei, berriz, bizkarra. Udalari 'arauak' eskatzea gure ahulezia erakustea da". Inauteriak arautu nahi izatea da "gure alderdiaren alderdirik grisena" azaleratzea dela iritzi diote. "Konspirazio proposamena: Hurrengo urterako, utzi gutun hauek. Egin dezagun konspirazio serio bat: mozorrotu gaitezen gu ere, baina 'Inkisizio Jeltzalea' bezala. Estandarteetan Debekatuta barre egitea jarriko dugu. Horrela behintzat, herriak ez digu adarra joko... gu geu izango garelako adar jotzaile nagusiak".
Eta eskaera bat egin diete jeltzaleei: "Mesedez, jeltzaleok: ez ni erabili zuen kontrolgura zuritzeko. Nik, Inazio Deunak, nahiago dut Azpeitiko kuadrilla baten sormen ziztagarria, zuen 'errespetu' artifizial hori baino. Zuek nire irudia brontzezkoa nahi duzue; nik, ordea, nahiago dut mozorro merke batekin herriko plazan dantzan ibili. Eman iezaiozue bakea herriari eta utzi inauteriak bakean. Azpeitiak badaki nork duen 'botere handikeria' odolean, eta zuen gutunak hori berretsi besterik ez du egin".