Inauteriak 2026

Udal langile batek atzo goizaldean jasandako erasoa salatu du udalak

Andoni Elduaien 2026ko otsailaren 18a

Suzko zezena atzo iluntzean, plazan. (Mailo Oiarzabal)

Atzo goizaldean egin zioten eraso langileari, udalak ohar bidez jakinarazi duenez, eta erakundeak erasoa gaitzetsi du. Gainerakoan, bukatu berri diren jaien balorazio ona egin du, eguraldi makurra egin arren, "jende asko" ibili delako kalean.

Karnabalak amaitu berritan, oro har, "gustura" agertu da Azpeitiko Udala aurtengo festek eman dutenarekin. Dena den, salaketa bat ere plazaratu du erakundeak; izan ere, jaien balorazio oharrean jaso duenez, udal behargin batek erasoa jasan zuen atzo goizaldean lanean ari zela. Hori izan da jaien "alde iluna" Mikel Odriozola Festa batzordeburuak adierazi duenez, eta erasoa gaitzetsi du: "Horrelako gauzak ezin ditugu normalizatu parranda giroan gertatzen diren gauzak direla esanez; parrandan ere dena ez da libre".

Eguraldi grisak bustitako inauteriak izan dira aurtengoak. Hori hala izanik, "kalean ikusgarriagoak" izan ohi diren ekitaldi batzuk aterpera aldatzea erabaki zuen udalak, hala nola umeen mozorro desfilea, DJen emanaldia eta helduen mozorro lehiaketako sari banaketa. Dena den, udalaren esanetan, lekualdaketa horiek ez dute jendea etxean geratzera bultzatu, eta eguraldi txarrari "herritarren festarako gogoak gain hartu" diola esan du zinegotziak. Karnabaletarako antolatutako ekitaldi guztietan ibili da "jende asko" haren esanetan: "Atzo iluntzean ere, festen azken txanpa izan arren, jende asko ibili zen kalean".

Inauteriek belaunaldi guztietako herritarrak "festara bultzatzeko duten gaitasuna" nabarmendu du zinegotziak. "Gero eta ohikoagoa da Jai Karnabalean eta Astelehen Karnabalean adin guztietako herritarrak elegante jantzita edo mozorrotuta ikustea. Astelehen iluntze eta gau parteak ere sekulako indarra hartu du. Talde asko atera da aurten ere kalera: batzuek urte mordoa daramatzate ateratzen, eta beste batzuk, lehen aldiz atera dira aurten. Ederra da inauteri zaleen jarraipena badagoela ikustea", esan du Odriozolak.

Udalak, era berean, eskerrak eman dizkie festan parte hartu duten herritar guztiei, baita jaiak aurrera ateratzeko lan egin duten udal langile eta eragile guztiei ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide