Ezohiko eran ari dira azpeitiarrak Astelehen Karnabala ospatzen, eguraldi txarragatik. Goizetik eguerdira arteko haur mozorrotuen jaiari lotutakoak Izarraitz pilotalekuan egin dituzte. Arratsaldean, berriz, mozorrotutako taldeak beste urteetan baino gutxiago ikusten dira kalean, haiek tabernetako edota soziedadeetako barruetan aurkitu dute festarako aterpea.
Hala ere, euria euria, 16:30ean hasi da sokamuturra. Saka ganadutegiko zezenak dira gaur arratsaldean aterako dituztenak, eta jende asko animatu da zezenera. Erdikalean lehen zezenaren irteeran sokamuturraren zale ugari bildu dira. 20:00ak arte ibiliko da zezena Alde Zaharreko kaleetan.
Bitartean, Azoka Plazan jolas mitologikoetan ibiltzeko aukera izan dute herritarrek. Haurrak animatu dira jolasera, baina baita helduak ere.
Gaur iluntze-gaueko egitarauan plazan egitekoak ziren ekitaldiak euriagatik Sanagustin kulturgunera aldatuko dituzte: han egingo dituzte beren emanaldiak Davila eta Oihan Vega DJek 19:30etik 22:00etara, eta mozorro lehiaketaren sari banaketa ere Sanagustinen egingo dute 23:00etan.