Inauteriak 2026

Eguraldi eskasari jarrera ezin hobearekin aurre egin diote azpeitiarrek

Aitziber Arzallus 2026ko otsailaren 16a

Euri jasa etengabea ez da gai izan azpeitiarrek Astelehen Karnabala ospatzeko zituzten gogoak zapuzteko, eta berdin-berdin atera dira kalera, nahiz eta aterpean babestu behar izan duten. Izarraitz pilotalekua bihurtu da herriko gaztetxoek eta familiek azken asteetan ondu dituzten mozorro irudimentsuen eta koloretsuen plaza. 

Iragarrita zegoen bezalaxe, euria goian behean esnatu da eguna, eta goiz guztian ez da aterrune txikienik ere izan. Astelehen Karnabal goiz baterako ezin zezakeen eguraldi okerragorik egin; ez Banda Gaztearen eta musika eskolako txilibiteroen kalejirarik, ez haurren desfile koloretsurik, ez horren osteko emanaldirik... tristetik joateko osagai guztiak zituen gaurko egunak, baina ez, eguraldi txarragatik Astelehen Karnabala ospatu gabe uzterik burutik pasatu ere ez zaie egin azpeitiarrei. 

Horrela, Alde Zaharreko desfilearen ordez, Izarraitz pilotalekuan egin dute mozorro festa. Banda Gazteak han jo ditu hainbat pieza, han banatu dituzte desfilearen bukaeran eman ohi dituzten gozokiak, eta han izan da Gora bihotzak ikuskizuna ere. Asko eta asko izan dira Izarraitzera bertaratu diren herritarrak, batez ere gaztetxoak eta familiak, eta azken asteetan ondutako mozorro irudimentsuen plaza bilakatu da frontoia. 

Handik kanpora, plazako arkupeetan eta tabernetako toldopeetan bildu da jendea. Eta ez umeak eta haien gurasoak bakarrik; izan ere, geroz eta gehiago dira Astelehen Karnabala goizetik hasita ospatzeko joera hartzen ari diren kuadrillak. Eguerdira bitartean garbi utzi duten bezala, azpeitiarrek, gaurkoan, eguraldi eskasari jarrera ezin hobearekin egingo diote aurre.

Iluntze-gaueko egitarauan plazan egitekoak ziren ekitaldiak Sanagustin kulturgunean egingo dituzte. Han izango dira Davila eta Oihan Vega DJen emanaldiak (19:30-22:00), eta baita mozorro lehiaketaren sari banaketa ere (23:00).

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide