Inauteriak 2026

Euriagatik, aterpean egin dute Euskal inauterietako jaialdi koloretsua

Nerea Uranga 2026ko otsailaren 14a

Eguraldi txarra oztopo izan du aurten Euskal inauterietako jaialdiak. Beraz, kalejira egin beharrean, Izarraitz pilotalekuaren aterpean egin dute festa Ikasberri ikastolakoek. Ohi bezala, Euskal Herriko hainbat txokotako mozorroak jantzita hainbat dantza eskaini dituzte.

Euskal inauterietako jaialdia aterpean egin behar izan dute aurtengoan Ikasberri ikastolako ikasleek, irakasleek, gurasoek eta ikasle ohiek. Atzo arratsaldean euria zarra-zarra ari zuelako, kalean egin beharrean Izarraitz pilotalekura lekualdatu zuten inauterien aurreko ostiralean ohiko bilakatu den jaialdi koloretsua.

Euskal Herriko hainbat txokotako mozorroak jantzi zituzten Ikasberriko ikasleek soinean: joaldunak, kotilungorriak, zanpantzarrak, bolantak, mamoxarroak, txatxoak, zirtzilak erraldoiak, Mielotxin eta Ziripot... Mozorro horiek soinean, mailaz maila eta taldez talde hainbat dantza eskaini zituzten Izarraitz pilotalekuan bildutakoen aurrean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide