Ostegunera atzeratu dute Azpeitiko Korrika batzordearen bilera

Nerea Uranga 2026ko otsailaren 10a

24. Korrikaren Azpeitiko batzordearen bilera, Dinamoa sormen gunean. (Nerea Uranga)

Euskara Mahaia da biltzekoa bihar, eta horregatik erabaki dute Korrika batzordearen bilera ostegunera atzeratzea. Martxoaren 28an igaroko da 24. Korrika Azpeititik eta egun hori antolatzea izango da batzordearen helburua. Norbanakoak eta eragileak deitu dituzte batzordean parte hartzera; ostegunean da bilera, 18:30ean, Dinamoa sormen gunean.

Ostegunean, hilaren 12an, 18:30ean egingo dute Azpeitiko Korrika batzordea osatzeko bilera, Dinamoa sormen gunean. Egun bat atzeratu dute bilera hori, bihar, asteazkena, 18:00etan, Euskara Mahaia bilduko delako Basazabal jauregian.

Martxoaren 28an, larunbatez, pasatuko da euskararen aldeko egitasmoa Azpeititik. Korrika herritik igaroko den egun hori antolatzea izango da Korrika batzordearen asmoa. Horregatik, herriko eragileetako ordezkariak nahiz norbanakoak batzordean parte hartzera deitu dituzte, antolatu daitezkeen ekintzen proposamenak egiteko.

Martxoaren 28an bi aldiz igaroko da 24. Korrika Azpeititik: Errezildik barrena jaitsita, Domusa Teknik-en parean (15:52) hasiko da Korrikaren Azpeitiko ibilbidea eta Artzubiatik herrigunera sartuko da. Segidan, Damaso Azkue auzotik igarota, Zestoarako bidea (17:00) hartuko du. Gero, Zestoatik Azpeitira etorriko da berriro, eta Madalena auzotik sartuko da Alde Zaharrera 17:52an. Behin herria igarotakoan, 18:32an Azkoitirako bidea hartuko du.

Martxoaren 19an Atharratzen (Zuberoa) hasi eta hil horren 29an Bilbon bukatuko da 24. Korrika.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide